Arrauna
GETARIAKO IKURRINA
Oriok gero eta gertuago du Euskotren Ligako titulua, Getariako Ikurrinan nagusitu ostean
A. B. R. | EITB Media
Oriotarrek bigarren luzean estropada hautsi dute eta aise nagusitu dira Getariako uretan. Ligako sailkapenean sei puntuko errenta lortu dute zortzigarren bandera jarraian irabazita.
Orio nagusi izan da beste behin eta ligako titulua gero eta gertuago du. Getariako Ikurrinan nagusitzeko, bigarren luze aparta baliatu dute oriotarrek, Arraun Lagunak atzean utziz eta denboraldiko zortzigarren bandera jarraian lortuz.
Estropadaren hasieran nabarmena izan da ligako bi protagonista nagusien arteko parekotasuna. Lehenengo luzea ia parean egin dute, eta ziabogara segundo bakarreko errentarekin iritsi dira oriotarrak. Hori bai, bigarren luzean ligako liderrek beste martxa bat sartu dute eta Arraun Lagunakek ezin izan dio eutsi. Oriok 9 segundo atera dizkio Arraun Lagunaki helmugan. Hirugarren posturako borrokan, gaur, Donostiarra izan da nagusi 11 segundora helmugaratuta. Tolosaldea laugarren izan da 12 segundora.
Euskotren Ligako sailkapen nagusian, Oriok abantaila gero eta handiagoa du. Lau estropadaren faltan, 38 puntu ditu liderrak. Bigarren da Araun Lagunak, 32rekin. Hirugarren postuan Donostiarra dago 16 punturekin, eta laugarrenean Tolosaldea 14rekin.
Getariako Ikurrinako sailkapena. Argazkia: EITB Media
Euskotren Ligako sailkapen nagusia. Argazkia: EITB Media