Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

Ofiziala

Iker Zabalak Urdaibai entrenatuko du

EITB MEDIA

'Sotera' zuzentzen bost urte emankor egin ostean bermeotarra etxera bueltatuko da 'Bou Bizkaia' ontziaren ardura hartzeko.

0:38
Iker Zabala

Iker Zabalak (Bermeo, 1979) Urdaibai entrenatzeko ardura hartuko du datorren denboraldian, Santurtziko Soteran bost urte eman ostean, azken bietan izugarrizko maila erakutsi eta gero, gainera.

Izan ere, Kontxako Bandera eta Eusko Label Liga irabazi berriak besapean dituela itzuliko da Zabala bere jaioterrira, ligaren kasuan, jarraian kateatzen duen bigarrena hain zuzen ere, 2020koaren ondoren.

2017an ekin zion entrenatzaile lanari Santurtzin Zabalak, Itsasoko Ama KAE2 mailan zegoela Alabaina, negu horretan, KAE1era igotzeko parada izan zuen Oiartzunek trainerua atera ez zuelako. Denboraldi horretan, KAE1eko txapeldunorde geratu zen Donostiarraren atzetik, baina igoera play-offetan lehen postua eskuratu eta TKE ligara igo zen. Ordutik aurrera, maila gorenean jardun du talde morearekin. Hasierako hiru urteetan entrenatzaile zein arraunlari gisa aritu zen bertan, eta azken bietan entrenatzaile gisa baino ez.

Horrenbestez, hemendik aurrera Bermeoko klubari goranzko bultzada ematea izango da bizkaitarraren asmorik nagusiena, Bou Bizkaiaren azken hiru urte irregularrak atzean uzteko xedearekin (6. postuan amaitu dute ligan aurten, eta 3.ean eta 5.ean, 2020an eta 2019an, hurrenez hurren, garaipen gutxi lortuta).

Arrakastaz beteriko palmaresa

Zabalak palmares aparta bildu du bere kirol ibilbidean zehar, arraunlari zein entrenatzaile gisa:

Zazpi Eusko Label Liga: bost Urdaibairekin arraun egiten (2004, 2007, 2008, 2010 eta 2016) eta beste 2 Santurtzirekin, entrenatzaile gisa (2020 eta 2021).

Zazpi Kontxako Bandera: bost Urdaibairekin arraun egiten (2010, 2011, 2014, 2015 eta 2016), beste bat Castrorekin (2006) eta azkena Santurtzirekin, entrenatzaile gisa (2021).

Zabalak Urdaibairako bidea egin aurretik, Jon Elortegi "Txapas"ek Bou Bizkaiako entrenatzailea izateari utzi dio. Elortegik Juan Zunzuneguiren lekua hartuko du Zierbenan, zeinak zortzi denboraldi galipoen traineruan eman ostean, Galiziara itzuliko den.