Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

Igandean, zuzenean

Santurtzi, gizonezkoetan, eta Arraun Lagunak, emakumezkoetan, dira Kontxako lehen jardunaldiko faboritoak

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Azken hiru urteetan gailendu den Hondarribia izango da 'Sotera'ren aurkari nagusia. Emakumeen lehian, Orio nagusi izan da azken bi edizioetan baina Arraun Lagunak oso indartsu dabil. Estropada zuzenean emango dute ETBk eta eitb.eus-ek 9:45ean hasita.

1:10
Bandera de la Concha 2021: Conoce las características del campo de regatas

Aurreikuspenek, eta sailkapen estropadan ikusitakoak, Santurtzi ematen dute faborito nagusi Hondarribiaren aurretik, Kontxako Banderako lehen jardunaldian.

Bizkaitarrak Eusko Label ligako liderrak dira, eta dena alde dute koroa irabazteko. Aurtengo Kontxa ere ondo hasi dute, sailkapen estropadako denborarik onena eginda. Hala ere, denbora horrek ez du ezertarako balio igandeko estropadan, denak zerotik hasten baitira, baina animo eta konfiantza plusa ematen die Gorka Aranberrik zuzendutako arraunlariei.

Santurtzirekin batera, Hondarribia da beste faborito handia. Ama Guadalupekoak azken hiru edizioak irabazi ditu, eta lehen jardunaldiak gauzak ondo bideratuta utzi nahi izango ditu, sariaren 85.000 euroak poltsikoratzeko.  

Bermeo Urdaibai eta Orio ere kontuan izateko hautagaiak dira. Azken hamarkandan bermeotarrek lau aldiz irabazi dute Kontxa, oriotarrek, berriz, behin. Donostiarra etxeko traineruak ere zeresana eman dezake, aurten aurrera pausoa eman baitu eta ligan ohorezko txandan ari baita estropada gehienetan.

Cabo eta Ares galiziarrentzako egun historikoa izango da, Galiziak lehen aldiz izango baititu bi ordezkari zortzi lehiakideen artean.

Emakumezkoen estropada

Aurretik, emakumezkoen lehen jardunaldia jokatuko da. Gipuzkoarrak dira faborito nagusiak, Arraun Lagunak eta Orio bereziki. Horiekin batera, Donostiarra eta Hondarribia kontuan izateko modukoak dira.

Azken bi urteetan, Oriok irabazi du bandera preziatua, baina aurten ez dabil aurreko urteetan bezain fin eta Arraun Lagunakek eraman du Euskotren Ligako koroa, bien arteko lehia estuaren ostean.