Arrauna
Playoffen azken jardunaldia
Zarautz eta Tiran Eusko Label Ligan izango dira, eta Hondarribia Euskotren ligan
Agentziak | Erredakzioa
Zarauztarrek eta Hondarribiako emakumezkoek euren ligetako postuei eutsi diete; galiziarrek berriz, igoera lortu dute, bi estropada gorabeheratsuetan.
-
Tiraneko arraunlariak, igoera ospatzen. Irudia: ETB.
Zarautzek Eusko Label Ligan jarraituko du beste urtebetez eta berarekin batera Tiran izango da, igande honetan Portugaleten jokatutako playoffaren bigarren jardunaldiaren ostean. Galiziarrak onenak izan ziren larunbatean Bermeon jokatutako estropadan, eta marka errepikatzea ezinezkoa izan zaien arren, lortutako bigarren postuak onenenekin lehiatzeko jokoan egon den bi txarteletako bat eman die.
Zarauztarrak, berriz, ez dira ondo hasi baina bigarren ziabogatik aurrera denborarik onena egiten hasi dira eta jokoan izan diren bost puntuak poltsikoratu dituzte. Azkenea, eta bi jardunaldiak kontuan izanda, 9 lortu dituzte, eta horri esker Eusko Label Ligan jarraituko dute.
Pedreña, San Pedro eta Samertolameu saririk gabe geratu dira.
Hondarribiak Euskotren Ligan jarraituko du
Hondarribia onena izan da Euskotren Ligako playoffetako bi jardunaldietan eta horri esker Euskotren Liga lehiatzen jarraituko du. Bigarren jardunaldian bigarren denborarik ona egin dute gipuzkoarrek, Portugaleteko uretan.
Ama Guadalupekoak azken postuan amaitu au aurtengo liga eta horren ondorioz playoffa jokatu behar izan du Tolosaldea, Hibaika eta Cabo ontziekin batera. Igande honetako bigarren jardunaldian bigarren izan dira, Hibaikaren atzetik. Larunbateko erlojupekoan onenak izan ziren eta orotara lortutako 9 puntuei esker mailari eutsi diote.
Tolosaldea zen helburua gauzatzeko zuten aurkaririk arriskutsuena, baina tolosarrek kale egin dute irteeran eta 10 segundoko zigorra jaso dute, patroiak estatxari ez diolako behar bezala heldu irteeran.
Cabok ere zigorra jaso du arauz kanpoko irteera egiteagatik, baina galiziarren aukerak oso eskasak ziren.