Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

Igandean, zuzenean

Dena prest, Kontxako Banderako lehen jardunaldirako

Agentziak | Erredakzioa

Emakumezkoetan, Orio iazko eta Ligako txapelduna da faborito argia. Gizonezkoetan, aldiz, asko dira aukerak dituztenak: Hondarribia, Zierbena, Orio eta Santurtzi, Donostiarra eta Bermeo ahaztu barik.

  • Orioko emakumezkoak, 2019ko garaipena ospatzen

    Orioko emakumezkoak, 2019ko garaipena ospatzen. Argazkia: Efe.

Sei traineru, Bizkaiko hiru eta Gipuzkoako beste hiru, faborito dira Kontxako Banderako 125. edizioa jokatuko duten zortzi ontzien artean. Txapelduna, ohi bezala, bi jardunalditan erabakiko da eta lehenengoa igande honetan jokatuko da, Kontxako badian. Guztira, 170.000 euro banatuko dira saritan eta lehia zuzenean emango dute ETB1ek eta eitb.eusek.

Zierbena, Bermeo-Urdaibai eta Santurtzi dira hiru traineru bizkaitarrak. Gipuzkoatik gehiago daude, baina hiru dira ere faborito nagusiak: Hondarribia azken bi edizioetako txapelduna, Orio eta Donostiarra etxeko trainerua. Donostiarrek aurten bandera bat irabazi dute Eusko Label Ligan eta ondo baino hobeto ezagutzen dute estropada eremua.

Lehian Galiziako traineru bat ere egongo da, Cabo da Cruz, eta Zarautz da beste ezusteetako bat, izan ere, oso gutxik espero zuten maila gorenean jarraitzeko lehian ari den ontzi batek Kontxa lehiatzeko zazpi txarteletako bat lortzea.

Zierbena da guztien ahotan dagoen faboritoa. Talderik onena aterako du, ligan astero-astero hori egitea posiblea ez bada, Kontxak horretarako aukera ematen baitu. Talde horrekin Zierbenak Euskadiko eta Espainiako txapelketak irabazi ditu aurten.

Hondarribia, egungo txapelduna

Hondarribia da apustuetan sendo agertzen den beste traineruetako bat. Ama Guadalupekoak azken bi edizioak irabazi ditu, eta aurten, zenbait estropadetan huts egin arren, bigarren postuan da Eusko Label Ligako sailkapenean.

Lehen postuan Santurtzi bizkaitarra dago, hori ere kontuan hartzeko trainerua izango da, Oriorekin batera. Oriotarrak dira historian Kontxako Bandera gehien irabazi dituztenak. Urdaibaik ere bere aukera izan dezake, azken estropadetan nahiko makal aritu den arren, baina kontuan izan behar da bermeotarrek 2014 eta 2016ko hiru edizioak irabazi dituztela.

Orio, faborito argia emakumezkoetan

Gizonezkoen estropadaren aurretik emakumezkoena jokatuko da. Sari kopuru bera banatuko dute. Lehian dauden zortzi ontziak gipuzkoarrak dira eta apustu guztiak Orioren alde daude, iazko txapeldunak dira eta Euskotren Liga aise irabazi dute. Arraun Lagunak izango da, aurreikuspenen arabera, oriotarren aurkari nagusia.

Ikusi hemen txanden banaketa