Arrauna
Eusko Label Liga
Urdaibaik bigarren bandera irabazi du jarraian, Bilbon gailenduta
eitb.eus
Bou Bizkaiak azken luze ikusgarria egin du. Santurtzi ligako liderra bigarren izan da, Orio hirugarren eta Donostiarra laugarren.
Urdaibaik azken asteetan erakutsitako hobekuntza berretsi du Bilboko XI. Bandera irabazita. Eusko Label Ligako zazpigarren estropada erlojupekoa izan da, aurtengo denboraldian aurreikusita dagoen bakarra. Sailkapen nagusian Santurtzik lider jarraitzen du.
'Bou Bizkaiak' bigarren garaipena jarraian lortu du iragan asteburuan bezala azken luze ikusgarria eginda. Izan ere, lanerdietara iritsi arte, bizkaitarrak Orioren eta Santurtziren atzetik ibili dira.
Hirugarren eta azken ziabogan, Josu Andoni Barturenek zuzendurako arraunlariek Orio gainditu dute eta Eneko Gonzalezek zuzendutako Soteraren denbora berdindu.
Helmugan, berriz, bermeotarrek Santurtzik baino lau segundo gutxiago egin dituzte. Soterakoek ligako lider jarraitzen dute, banderarik irabazi ez duten arren. Bost aldiz egin dute bigarren denborarik onena, orain arte jokatutako zazpi estropadetan. Hirugarren Orio izan da, sei segundora.
Bigarren txandan, Zierbena izan da azkarrena Hondarribiaren, Lekittarraren eta Caboren aurretik. Lehen txandan, aldiz, Aresek egin du denborarik onena, Kaikuren aurretik.
'Bizkaitarra' ontziak bi puntu kendu dizkio Zarautz jaitsiera ekiditeko duten aurkari nagusiari. Gipuzkoarrek denborarik kaskarrena egin dute, Ondarroaren atzetik.
Igandean zortzigarren jardunaldia jokatuko dute, El Correo Ikurrina-Kutxabank Sari Nagusia izeneko estropadan. Lehia Lekeition izango da, 12:00etatik aurrera.