Arrauna
Boiroko Bandera
Astillerok maila galduko duela ziurtatu du, Orio liderrak irabazitako estropadan
Agentziak | Erredakzioa
San Pedrok, berriz, playoffa jokatu beharko du Eusko Label Ligan jarraitzeko. Estropadako sailkapenari dagokionez, Zierbena bigarren izan da eta Urdaibai hirugarren.
Oriok ia erabakita utzi du aurtengo Eusko Label Liga, Boiroko Bandera irabazita. Sailkapeneko beheko postuei dagokienez, Astillero jaitsi egingo da.
Horrela, Orioko 'San Nikolas' ontziak matematikoki irabaz dezake Liga Bermeon jokatuko den azken aurreko jardunaldian, eta han laugarren izatearekin nahikoa izango luke.
Hondarribiak, ligako sailkapeneko bigarrenak, ondo hasi du estropada baina indarrak galtzen joan da: lehen postuan jarri da ohorezko txanda hasi eta berehala, baina Oriok harrapatu egin du eta 'Ama Guadalupekoak' ez du egoera iraultzeko aukerarik izan.
Zierbenak ere Hondarribia gainditu du, eta Urdaibaik gipuzkoarren denbora hobetu du, bigarren txanda irabaziz.
Ohorezko txandan lehiatu den laugarren ontzia, Santurtzi, bosgarren izan da azkenean, aurreko egunean Bueuko Bandera irabazi ostean.
Hil ala baziko lehia San Pedro eta Astilleroren artean
Eusko Label Ligan jarraitzeko lehia sutsua izan da San Pedroren eta Astilleroren artean. Puntu bakar bateko aldea zegoen bien artean estropada hasi aurretik.
Kantabriarrek San Pedroren aurretik geratu behar zuten eta, horrez gain, gutxienez, beste ontzi bat sartu behar zen bien artean. Puntuetara berdintzea gipuzkoarren aldekoa zelako.
Azkenean, Astillerok 10 segundoko aldea atera die pasaiatarrei, baina bien artean beste ontzirik sartu gabe, Lekittarra azken postuan sortu baita. Lehen txandako lehen postua Kaikurentzat izan da.