Arrauna
Teknologia berria
Estropadetan semaforoak erabiltzea onartu du TKEk
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Traineru Kluben Elkarteak sistema automatiko bat ezarriko du Eusko Label zein Euskotren ligetako estropaden irteeretan.
-
Sistema berria Ondarroako estropadan probatu zuten. Argazkia: ETBren bideo batetik ateratako irudia
Traineru Kluben Elkarteak (TKE) onartu egin du irteerak emateko garaian semaforoetan oinarritutako sistema automatiko bat ezartzea, bai Eusko Label Ligan, bai Euskotren Ligan.
Zabaldutako oharraren arabera, aipatu erabakia larunbat honetan adostu dute elkarteko bazkideek Donostiako Aquariumean egindako biltzarrean. Biltzar hori datorren ekainaren 22an Bilbon hasiko den Eusko Label Liga martxan jarri aurretik egingo den azkena izan da.
Larunbat honetan jorratutako gai-zerrendako interesgune nagusienetakoa zen TKEk antolatzen dituen txapelketa bietako estropadetan irteera emateko prozedura berria onartzea. Sistema berri hori joan zen asteburuan probatu zuten Ondarroan egindako estropadan.
Horrenbestez, Eusko Label Ligako lehen jardunalditik bertatik hasita, denboraldi guztian zehar teknologia berri hori erabiliko dute, estropadetako emaitzei zehaztasun handiagoa emateko asmoz.