Arrauna
Ligako garaipena mantentzen du
El Corte Ingles Banderatik deskalifikatu dute Urdaibai 'okerreko hamalaukoa' egotzita
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
TKEk, lehiaketaren antolatzaileak, arau-haustea egotzi dio Urdaibairi harrobiko sei arraunlari soilik erabiltzeagatik Portugaleteko Banderako talde titularrean.
-
Urdaibai Bermeo, 'Bou Bizkaia' trainerua. Argazkia: EITB
Portugaleteko El Corte Ingles Banderatik deskalifikatu dute Urdaibai "okerreko hamalaukoa" egotzita. Traineruen denboraldiari bukaera eman zion azken estropadan 2018ko Euskal Label Ligako garaile izendatu zituzten bermeotarrak. Zigor honek, baina, ez du tituluan eraginik izango.
TKEk, lehiaketaren antolatzaileak, arau-haustea egotzi dio Urdaibairi "sei arraunlari propio erabiltzeagatik" Portugaleteko Banderako hamalaukoan. Lehiaketaren araudiaren arabera, "gutxienez 7 arraunlari propio izan behar dira hasierako hamalaukoan".
"Lehiaketa Araudiko 34.3 artikuluaren arabera", TKEko Lehiaketako Epaile Bakarrak Urdaibai Avia XLIV. El Corte Ingles Banderatik kanporatzeko erabakia hartu du, eta, beraz, "jardunaldi hartan egindako bosgarren postuagatik lortutako puntuak eta sariak galdu ditu". "Bermeoko klubak bi egun ditu helegiteak jartzeko", TKEk zabaldutako erabakian jaso dutenez.
Zigor honek ez du Urdaibaik irabazitako 2018ko Euskal Label Ligako sailkapenean eraginik izango, baina bai puntuetan; izan ere, 209 puntu barik, 201 puntu lortu dituzte bermeotarrek, eta 197rekin geratu da Hondarribia bigarren.