Arrauna
Bilboko IX. Bandera
Eusko Label Ligako lehen estropada Bilbon egingo dute, igandean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jokatu behar diren 19 estropadetatik erlojuaren kontra lehiatuko den bakarra izango da Bilbokoa.
Eusko Label Ligako denboraldi berri bat abiatuko da igande honetan, 12:00etatik aurrera, Bilboko itsasadarrean. Denboraldi honetan ere, 12 trainerurik onenak 19 jardunalditan lehiatuko dira CaixaBank Koroa eskuratzeko.
Bilboko udaletxean egin den aurkezpenean jakitera eman dutenez, txapelketari hasiera emango dion proba erlojuaren kontrakoa izango da, txapelketan zehar horrela lehiatuko den estropada bakarra. Traineruen irteerako ordena joan zen urteko azken sailkapena kontuan hartuta ezarriko dute.
Horrenbestez, lehiari ekingo dioten lehendabiziko bi ontziak igo berri diren Donostiarra eta Santurtzi izango dira. Ondoren, Cabo eta San Pedro aterako dira (ordena horretan), lehen txanda osatzeko.
Bigarren txandan, Ondarroa, Tiran, San Juan eta Zierbena arituko dira, hasteko, eta Kaiku, Orio, Hondarribia eta iazko denboraldiko garailea, Urdaibai, jardungo dira ohorezko txandan. Traineruak minutuko tartearekin aterako dira.
Estropada eremuari dagokionez, irteera, azken urteetan egin den modura, Udaletxeko zubiaren ondoan egongo da kokatuta. Kanpoko baliza, ordea, Arrupe Pasagunea igarota jarriko dute. Ibilbide horretan zehar, ontziek lau zuzen eta hiru ziaboga osatu beharko dituzte.