Arrauna
Eusko Label Liga
Bermeoko Bandera irabazi eta Liga bi puntutan utzi du Hondarribiak
Agentziak | Erredakzioa
Gipuzkoarrek denboraldiko seigarren bandera irabazi dute. Urdaibai bigarren izan da eta lider jarraitzen du. Bizkaitarrek dute aukera gehien Eusko Label Liga irabazteko.
Hondarribiak irabazi du Bermeoko Bandera, Eusko Label Ligako azken aurreko estropada, Urdaibai liderraren aurretik. Ligako sailkapena gori-gorian da orain, bi ontzien artean bi puntuko aldea baino ez dagoelako. Txapelduna igandean erabakiko da, Portugaleteko uretan.
El Corte Ingeleseko Banderan argituko da bietako zeinek lortzen duen Eusko Label Liga irabaztea.
Ama Guadalupekoak estropada bikaina egin du, eta hasi eta berehala aurretik jarri da. Atzetik, Urdaibaik eta Oriok norgehiagoka bizia izan dute, bigarren postua lortzeko lehian. Kaiku laugarren postuan joan da denbora guztian.
Azkenean, Bermeok ezin izan du Kontxako porrota ahazteko garaipena lortu, etxean bertan.
Lehen txandan, San Juanek egin du denborarik onena, Ondarroaren, Zierbenaren eta Tiranen aurretik.