Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

Eusko Label Liga

Oriok irabazi du Zarautzeko Ikurrina, Hondarribiak erakustaldia eman arren

eitb.eus

Salsamendiren ontziak etekina atera dio lehen jardunaldian lortutako abantaila zabalari eta denboraldiko laugarren estropada irabazi du. Euskotren Ligan, San Juanek eraman du ikurrina.

1:18

Oriok irabazi du Zarauzko Ikurrina, lehen jardunaldian lortutako abantaila zabalari esker. Jon Salsamendiren mutilek denboraldiko laugarren garaipena lortu dute Eusko Label Ligan.

Oriotarrak, Hondarribiarekin, Urdaibairekin eta Zierbenarekin lehiatu dira bigarren jardunaldiko ohorezko txandan. Hasieratik, 'Bou Bizkaia' eta Ama Guadalupekoa aurretik arri dira, baina estropada bigarren luzean hautsi dute hondarribitarrek.

Bi minututan, 9 segundora utzi dute Urdaibai eta Orio 10-13 bitartean. Estropada ikusgarria egin dute Joseba Amunarrizen arraunlariek.

Gauzak horrela, garaipena bi ontzien arteko gauza izan da: Orio, aurreko egunena lortutako 19 segundoko aldearekin, eta Hondarribia.

Azkenean, ohorezko txanda hondarribitarrek irabazi dute, baina ezin izan dute Orioren aldea gainditu. 14 segundo atera dizkiete oriotarrei eta beste horrenbeste Urdaibairi. Zierbena oso atzean geratu da, minutu bat eta bi segundora sartu dira bizkaitarrak.

Ondorioz, eta bi jardunaldietako denborak kontuan izanda, Zarauzko Ikurrina Oriok irabazi du, bigarren Hondarribia izan da 5 segundora eta Urdaibai hirugarren 15 segundora.

Euskotren Liga

Emakumezkoen estropadan, San Juanek eraman du garaipena, larunbateko lehen jardunaldian Liga txapelketa ziurtatu ostean. Hibaika bigarren izan da, Orio hirugarren eta Arraun Lagunak laugarren.

San Juaneko batelerek laugarren aldiz jarraian irabazi dute Euskotren Liga.