Arrauna
San Miguel Liga
Urdaibaik eta Hondarribiak liga erabakiko dute asteburu honetan
Agentziak | Erredakzioa
Aurretik, 'play off'a jokatuko dute Portugaletek, Ondarroak, Donostiarrak eta Ares galiziarrak.
Bi punturen aldea dago Urdaibairen eta Hondarribiaren artean, San Miguel Lifgako sailkapeneko goiko aldean. Biek Liga irabazteko lehiatuko dira asteburu honetako bi estropadetan, Bermeon eta Portugaleten, denboraldiko azkenak. Eta ez hori bakarrik, Koroa ere jokoan izango dute.
Bien arteko lehia izango da. Bermeokoak bolada onean dira, eta indartsu, igandean Kontxako estropada irabazi ostean. Gainera, larunbatean etxean lehiatuko dira. Alde txikia dute Hondarribiarekin, baina nahikoa aurreikuspenetan faborito agertzeko.
'Ama Guadalupekoa' ontziak, bestalde, bi puntuko alde horri desagerrarazi behar du, berdinketa gipuzkoarren aldekoa baita, denboraldi osoan bandera gehiago irabazi dituztelako.
Aurten, gainera, Liga irabazten duenak La Caixako koroa ere jantziko du. Koroa Liga hiru urtez jarraian irabazten duenak (Hondarribiak 2014an eta 2015ean irabazi du) edota bost urtetan, txandaka, irabazten duenak (Urdaibaik 2004an. 2007an, 2008an eta 2010ean irabazi du) eramango du saria.
Orduak eta txandak
Lehenengo hitzordua larunbatean da, Bermeon, 18:00etan, eta bigarrena eta azkena, Portugaleten, igandeko 12:00etan.
Lehen txandan sailkapeneko bosgarren postutik zortzigarrenera dauden ontziak arituko dira (Orio, Tirán, Astillero eta Cabo), eta bigarrenean, berriz, denboraldiko lau ontzirik onenak: Urdaibai, Hondarribia, Kaiku eta San Juan.
Play offa
Aurretik, igoera edo permanentzia play offa jokatuko dute Portugaletek, Ondarroak, Donostiarrak eta Ares galiziarrak.