Arrauna
Kontxako estropada
San Juanek egin du denborarik onena lehen jardunaldian
eitb.eus
Batelerak azkarrenak izan dira bigarren txandan, eta Hibaikak lehenengoan egindako denbora ia hiru segundo hobetu dute.
Aurreikuspenak bete egin dira eta San Juanek eta Hibaikak egin dituzte denborarik onenak, Kontxako estropadako lehen jardunaldian.
Bi ziren bandera lortzeko faborito nagusiak, baina hirugarren batek ere, Oriok hain justu, muturra sartu du borroka horretan. San Juan, Hibaika eta Orioren artean lau segundo baino ez daude. Zarautz Getariak osatuko du ohorezko txanda.
Espero bezala, Hibaikak ez du inolako arazorik izan lehen txandan erraz nagusitzeko. Zarautz Getariak aurre egin dio lehen metroetan baina apurka-apurka errenteriarrak agintzen hasi dira. Akaso, erreferentzia falta horrek ere ez dio Hibaikari denbora hobea egiten lagundu. 10 minutu eta 42 segundotan gelditu du kronoa. Hori izan da hurrengoentzat hobetu beharreko marka.
San Juanek eta Oriok berehala ekin diote helburu horren bila eta metro gutxian atzean utzi dituzte, beste borroka batean sartuta, Hernani eta Deustu.
Batelera izan da aurrenekoa maniobran, eta bost segundora Orio. Haizea ere lehen txandan baino indartsuago zebilela zirudien, baina Nadeth Agirreren aginduetara Oriok bueltako luze ederra egin du. Paretasun hori aprobetxatu du San Juanek denborarik onena egiteko, 10 eta 39, Hibaikak baino ia 3 segundo gutxiago. Orio laura izan da.
Azken hitza oraindik esan gabe dago.
#arrauna Kontxa Neskak sailkapena 1. @sanjuan_koxtape 10-39 2. @Hibaika +2 3. @CRO_OrioAE +3 4. @zarautzarraun -@GetariakoAE +25
— Kirolak.net (@kirolaknet) 4 de septiembre de 2016