Arrauna
Sailkatze-estropada
Zierbena eta Tiran faboritoekin batera sailkatu dira
eitb.eus
Hondarribia, Orio, Urdaibai, San Juan, Zierbena, Kaiku eta Tiran dira zazpi sailkatuak eta Donostiarrarekin batera lehiatuko dira Kontxako estropada handian.
Hondarribia izan da azkarrena Donostiako Banderako sailkatze-estropadan. Ez da ezustekorik izan; Astillero kanpoan geratu da, bost segundogatik, eta Zierbena, berriz, onenekin sailkatu da.
Guztira, 24 ontzi lehiatu dira erlojupeko eran, eta faboritoen eta gainontzekoen arteko aldea nabarmena izan da. Gauzak horrela, gauzek aurreikusitakoari eutsi diote eta San Miguel Ligako lehen sailkatuak arazorik gabe sartu dira finalean.
Trainerurik onenek sailkapena ziabogan erabakitzen hasi dira, hortxe lidergoan izan dira Kaiku, San Juan, Orio, Hondarribia eta Urdaibai, ordena horretan.
Donostiako Banderan lehiatzeko zazpi txartel izan dira jokoan eta emozioa ziurtatuta zegoen, ez lehen sailkatuak zeintzuk izango ziren jakiteko, seigarren eta zazpigarren tokian nortzuk izango ziren ikusteko baizik.
Astillero, berriro kanpoan
Astillero ontziak hartu du jardunaldiko atsekabea, egindako denbora zortzigarren onena izan baita, eta, ondorioz, finalera sartzeko atarian geratu delako.
Tiraneko galiziarrak, aldiz, azken momentura arte sufritzen aritu dira eta finalean sartzea lortu dute, 20 minutu eta 19 segundoko denbora eginda.
Zortzi finalistak
Azkenik, Hondarribia , Orio, Urdaibai, San Juan, Zierbena, Kaiku eta Tiran lehiatuko dira Kontxako estropadan, Donostiarrarekin batera.
Txanden zozketa
Estropada bukatu ondoren, txanden zozketa Donostiako udaletxean. Lehen txandan San Juan, Kaiku, Orio eta Hondarribia arituko dira; bigarrenean, Udaibai, Tiran, Zierbena eta Donostiarra.
Donostiako Banderako sailkatze-estropada
1.- Hondarribia 19.54 minutu
2.- Orio + 10 segundo
3.- Urdaibai + 11 segundo
4.- San Juan + 15 segundo
5.- Zierbena + 19 segundo
6.- Kaiku + 23 segundo
7.- Tiran + 24 segundo
(Sailkatuta)
8.- Astillero + 29 segundo
9.- San Pedro + 35 segundo
10.- Cabo + 42 segundo
11.-Ondarroa + 47 segundo
12.-Portugalete + 51 segundo