Arrauna
Portugaleteko Bandera
Garaipena eta lidergoa, Urdaibairentzat
eitb.eus
Bizkaitarrek asteburu boronila izan dute Bilboko itsasadarrean eta lider dira orain Ligako sailkapenean. Oriok bigarren izan da Portugaleteko Banderan, eta Ama Guadalupekoa, hirugarren.
Liga amaierari eta Kontxako estropadari begira bultzada ederra eman dio denboraldiari Urdaibaik, astindu galanta jaso berriz Hondarribiak. Ama Guadalupekoak hirugarren bukatu du gaur.
Bigarren eta hirugarren kaletik aritu dira berdeak eta urdinak, eta, espero bezala, parean izan dira bi traineruak. Hori bai, lanerdietara arte bakarrik.
Orduan jo du hordagoa Salsamendiren kuadrilak. Laugarren kalearen babesaren bila jo du, eta hirugarren luzean zortzi segundo atera dizkio Ama Guadalupekoari. Behin betiko aldea izan da.
Azken bueltan erdira jo du Urdaibaik eta ia hamar segundo lehenago iritsi da. Hori gutxi ez, eta Hondarribiari bigarren txandan ederto aritu den Oriok ere aurrea hartu dio. Horientzat izan da bigarren tokia, hirugarrena Mikel Orbañanosen mutilentzat.
Denboraldi amaiera estua
192 puntu dauzka orain talde bizkaitarrak eta bi gutxiago orain arte lidertzan izan den Hondarribiak. Eta bi estropada baino ez dira geratzen liga bukatzeko, bi saio erabakigarriak.
Eta tartean, Kontxarako sailkatze estropada. Ez da ez gutxi geratzen zaien lana.
Resultados de la XXXV Bandera Noble Villa de Portugalete #LigaSanMiguel pic.twitter.com/6SHb4zWF2z
— Liga San Miguel (@actraineras) 28 de agosto de 2016