Arrauna
1. jardunaldia
Hondarribiak 2 segundo eskaseko aldea lortu du Urdaibairekin
Mikel Dominguez | eitb.eus
Kontxako Banderaren 1. jardunaldiko bi onenen artean izango da lehia, datorren igandean. Orio eta Kaiku ohorezko txandan sartu dira. Emakumezkoetan, San Juan izango da onena.
Hondarribia onena izan da Kontxako Badiako gaurko 2. txandan, eta garaipena eskuratu du lehenengo jardunaldian. Txandako aurkariak baino hobeto aritu da. Kaiku eta San Juan 15 eta 22 segundora heldu dira, hurrenez hurren. Orio ere ohorezko txandan sartu denez, Pasai Donibanekoak kanpoan geratu dira.
Interesa Hondarribia eta Urdaibairen arteko aldean egon da. Bermeokoak onenak izan dira lehenengo txandan. Bi traineruak oso berdinduta ibili dira, inoiz ez 3 segundo baino gehiagoko aldearekin. Azkenean, ia 2 segundo sartu dizkio Hondarribiak Urdaibairi, eta bigarren jardunaldian erabakiko da dena.
Lehenengo txandan, Oriok estropada handia egin du, eta zalantzan jarri du Bermeoko nagusitasuna. 6 segundoko aldea izan da bien artean, San Pedro eta Donostiarra atzerago zihoazela. Azken luzean, hala ere, Urdaibaik gogor astindu du, eta aldea bikoiztu dio Oriori. 12 segundora geratu dira horiak.
Eguraldia ona izan da, eta iragarpenak beteta, Hondarribia eta Urdaibairen arteko lehia hurrengo larunbatean erabakiko da.
Emakumezkoetan, San Juan aurretik
San Juan izan da onena Kontxako lehenengo jardunaldian. Borroka oso estua izan da San Juan eta Zumaiaren artean, eta gero Hibaika ere batu da. Orio atzerago ibili da, aurreko hirurak oso berdinduta zihoazela. GPSak adierazi behar izan du aldea.
Itsasoa bare, San Juan izan da azkenean onena helmugan. Hibaika 2 segundora heldu da, eta Zumaia, 3ra. Orio, koska bat beherago, 13 segundora iritsi da. 3 segundo dago aurreko hiruren artean, eta dena bigarren jardunaldian erabakiko da.