Itxi

Euskotren Liga: Orio

Euskotren Liga: Orio

Euskotren Liga: Orio

Ez du jarraituko

Salsamendik Orioko entrenatzaile izateari utzi dio, eta Arostegik hartuko du haren lekukoa

EITB Media

Jon Salsamendik gutun bidez jakinarazi du ez duela gizonezkoen taldea zuzentzen jarraituko. Mikel Arostegi hautatu dute Salsamendi ordezkatzeko.

  • JOn Salsamendi

    JOn Salsamendi. Argazkia: EITB Media

Jon Salsamendik ez du Orioko gizonezkoen taldea zuzentzen jarraituko. Hala jakinarazi du oriotarrak berak gutun bidez ostiral honetan, urriaren 20an. Ordu batzuk geroago, klubeko zuzendaritza berriak jakinarazi du Mikel Arostegi dela gizonezkoen lehen taldeko entrenatzaile berria.

Salsamendiren gutuna honela hasten da: "Urriak 10 astearte gauean jasotako telefono deiaren ondoren, familia eta 2023 denboraldian nirekin batera aritutako arraunlariei adierazi nien 2024 denboraldian ez nintzela ORIO AEko entrenatzaile izango. Ordutik honaino, arraun elkarteko hauteskunde prozesu bat medio, beste inon ez dut adierazpenik egin nahi izan, betiere, prozesu horri eta Elkarteari diodan errespetu eta maitasunagatik. Urriak 17 asteartean berriz, behin betiko zuzendaritza batzorde berria aurkezteko ezohiko batzarraren ondoren, presidente berriaren adierazpenak entzunda, nire izenak, berriro ere ORIO AEren 2024 proiektuarekin nolabaiteko binkulazioa eduki zezakeela airean geratu zela iruditu zitzaidan. Gauzak horrela, batzuk era batera eta beste batzuk bestera, denetarik esan edo entzun daitekeela onartuz, nire aldetik, esatekoak, ixiltasunetik askoz hobeago ulertuko zaidalakoan nago".

Ondoren, eskerrak eman dizkie zaleei, klubari eta babesleei: "Gaur, urriak 20, ostirala, gauza bat bakarra dut esateko. Laster 53 urte beteko ditut, 38 jarraian arraunean eta horietatik 27 Orion. Orio AE osatzen duen komunitate osoari, zaleei, babesleei eta Orioko udal eta herritar guztiei, ESKERRIK ASKO. Momentu zoragarriak bizitzeko emandako aukeragatik, ESKERRIK ASKO. Kirol emaitzak albo batera utziz, hainbeste urtetan, hainbeste arraunlarirekin (ehundaka) bizitakoa elkarrekin bizitzen uzteagatik, ESKERRIK ASKO. Zaleen pozak, tristurak, baina, batez ere, ilusioak elkarbanatzeagatik, ESKERRIK ASKO. Konfiantza eman didazuen guztiei eta kritikatik hobea izatera bultzatu nauzuenei ere, ESKERRIK ASKO".

Eskutitzaren amaieran, hauxe esan du: "Bukatzeko, aurreko bi zuzendaritza taldeei eta, bereziki, hurrengo lau urteetarako elkartearen zuzendaritza kudeatzera konprometitu den lantaldeari, oso jende gutxik hartuko lukeen erantzukizuna hartzeagatik, ESKERRIK ASKO, eta indartsu mantendu aurrera begira. Honekin batera, eskaera bat zale eta, batik bat, herritar guztiei: babes ditzagun denon artean lantalde honen erabakiak, eta, batik bat, elkarte barruko "gorabeherak" ez dezala inondik inora herri bizikidetza nahastu. Iritzi ezberdinak zilegi dira, bai, baina herri bizikidetza zaintzen ez badugu, beste guztiak ez luke inongo zentzurik. Mila esker denoi bihotzez, eta AUPA ORIO!".