Eusko Label Liga
Bermeo, nagusi Portugaleten
Urdaibai, Eusko Label Ligako txapeldun denboraldiko azken bandera irabazita
A. B. E. | EITB Media
Bermeoko taldeak El Corte Ingles Bandera bereganatu du Portugaleten eta Eusko Label Liga irabazi du.
Urdaibai da 2022ko Eusko Label Ligako txapelduna. Bermeoko taldeak amaiera bikaina eman dio denboraldiari, igande honetan (irailak 18) Portugaleten El Corte Ingles Bandera irabazita eta ligako titulua bereganatuta.
Erlojupekoan lehiatu dira ligaren bila Urdaibai eta Hondarribia Portugaleteko uretan. Ohorezko txandako lehen luzean parekotasuna izan da nagusi, Oriok, Urdaibaik eta Hondarribiak 4 minutu eta 22 segundoko marka ezarri baitute. Bigarren luzean, ordea, Bermeoko taldeak zuloa ireki du, eta bigarren ziabogan 5 segundo atera dizkio Hondarribiari, 8 Oriori eta 13 Donostiarrari. Hirugarren ziabogan Urdaibaik 6 segundora handitu du Hondarribiarekiko errenta, eta azken luzean erritmoa moteldu gabe, garaipena erdietsi du El Corte Ingles Banderan 19 minutu eta 22 segundoko markarekin; ondorioz,Eusko Label Ligako titulua bereganatu du. Hondarribia (19:30) bigarren izan da, eta Orio (19:36) hirugarren.
Lehen txanda irabazi duen Kaiku (19:47) izan da laugarren estropadan, bosgarren amaitu duen Donostiarrari (19:49) bi segundo aterata. Getariak (19:56) amaitu du seigarren, Zierbenak (20:11) zazpigarren eta Cabok (20:15) zortzigarren.
Eusko Label Ligako sailkapenaren buruan bukatu du Urdaibaik denboraldia, 218 punturekin. Bigarren izan da Hondarribia (215 puntu) Bermeoko taldeak baino 3 puntu gutxiagorekin, eta Donostiarra (200 puntu) hirugarren. Sailkapeneko azkena izan da Ares (51 puntu) eta maila galdu du. Azken-aurreko izan den Lekittarrak (69 puntu) maila gorenari eutsi dio play-offean.
El Corte Ingles Banderako sailkapena. Argazkia: EITB Media
Eusko Label Ligako sailkapen nagusia. Argazkia: EITB Media