Eusko Label Liga
Cidade da Coruña Bandera
Urdaibaik aurrerapausoa eman du Coruñako Banderako lehen jardunaldian
EITB Media
Bermeoko taldea nagusi izan da Cidade da Coruña Banderako lehen jardunaldian. Zazpi segundo atera dizkio Oriori. Hondarribia izan da hirugarren, 10 segundora.
Urdaibai nagusitu da Cidade da Coruña Banderako lehen jardunaldian. Larunbat honetan (uztailak 9) Bermeoko taldea izan da onena Galiziako uretan, eta aurrerapausoa eman du igandean (uztailak 10) erabakiko den Bandera irabazteko.
Bermeoko taldeak 7 segundoko abantaila atera dio bigarren amaitu duen Oriori, eta 10 segundokoa hirugarren izan den Hondarribiari. Laugarren postua Donostiarrarentzat izan da, irabazlearekiko 15 segundora.
Ohorezko txandaren hasieran parekotasuna izan da nagusi; hala ere, argi ikusi da Urdaibai irabazteko zegoela. Pixkanaka, Bermeokoak abantaila hartzen hasi dira, eta azken luzean biribildu dute garaipena, 20 minutu eta 17 segundoko markarekin.
Eusko Label Ligako sailkapen nagusian lider aldaketa egon da; orain, Oriok hartu du lehen postua 32 punturekin. Oriotarrak lidertza galdu duen Donostiarrarekin (32 puntu) berdinduta daude puntuetara. Hondarribia da hirugarren 31 punturekin, eta, Urdaibai laugarren 30 punturekin.
Cidade da Coruña Banderako irabazlea igandea eguerdian erabakiko da, eta zuzenean eskainiko dute eitb.eus-ek eta ETB1ek.
Cidade da Coruña Banderako 1. jardunaldiko sailkapena. Argazkia: EITB Media
Eusko Label Ligako sailkapen nagusia. Argazkia: EITB Media