Eusko Label Liga
1. jardunaldia
Arraun Lagunakek eta Oriok garaipenarekin hasi dituzte ligak
I. G. | EITB MEDIA
Euskotren Ligako egungo txapelduna nagusitu da Bilbon bere tituluaren defentsan. Gizonezkoen txapelketan, Orio izan da lehen estropadako irabazlea.
Donostia Arraun Lagunakek eta Oriok garaipenarekin ekin diote 2022ko arraun denboraldiari, Euskotren eta Eusko Label ligetan nagusituz, hurrenez hurren.
Donostia Arraun Lagunak taldeko ontzia, Euskotren Ligako egungo txapelduna, bere tituluaren defentsan hasi da, IV. Bilboko Banderan nagusituz, emakumezkoen traineru maila gorenerako lehen hitzordu puntuagarrian.
Juan Mari Etxabek entrenatutako arraunlariak nagusitu dira Nerbioi itsasadarrean jokatutako erlojupekoan, Oriori bost segundoko aldea aterata.
Hirugarren Donostiarra izan da, irabazleengandik hamaika segundora, eta laugarren Tolosaldea, debuta egin duen txalupa, elitean jokatu duen lehen estropadan Arraun Lagunakekiko hogei segundora.
Euskotren Ligako sailkapena Bilboko Banderan. Irudia: EITB Media.
Eusko Label Ligari dagokionez, Oriok ezustekoa eman du faboritoak gaindituz eta Donostiarra eta Hondarribia mendean hartuz, denboraldiko lehen ikurrina lortuz eta sailkapeneko lider jarriz.
Donostiarra trabatu egin da Bilboko estropadako bigarren ziabogan, arraunaren palarekin harrapatuta geratu ostean. Gipuzkoako traineruak garaipena lortzeko aukera guztiak galdu ditu. Hala ere, bigarren postua finkatzea lortu du.
Bermeo-Urdaibai lehen jardunaldian irabazteko faborito nagusietako bat zen, baina bosgarren postuarekin konformatu behar izan du, igande honetan Kontxan jokatuko den estropadako ohorezko txandatik kanpo geratuz.
Eusko Label Ligako sailkapena Bilboko Banderan. Irudia: EITB Media.