Irratia
Musika emanaldia
'Baionatik Donostiara' kontzertuaren aurkezpena egin da
A.A.
Euskadi Irratia
Martxoaren 11an izango da Kursaal Auditorioan 19:00etan.
Euskadi Irratiaren eta Elkar argitaletxearen eskutik 'Baionatik Donostiara' kontzertuaren aurkezpena egin da gaur Donostian. Datorren martxoaren 11an Kursaal Auditorioan izango den ikuskizunean Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ahots eta doinuekin gozatzeko parada izango da.
Aurkezpenean Anje Duhaldek eta Niko Etxartek hartu dute parte. Eurekin batera, Erramun Martikorena, Pantxoa Carrere, Naia Robles, Maialen Errotabehere eta Mixel Ducau izango dira Kursaaleko taula gainean. Iaz Bilbon bezala, Donostian ere Errobi taldeak zuzenean joko du eta Iparraldeko beste bi talde, Kantiruki eta Bidaia, bertan izango dira.
Iparraldeak euskal kantutegian duen pisuaz eta garrantziaz konturatua, Elkarrek eta Euskadi Irratiak abian jarritako ekimena da hau. Ipar Euskal Herria gure kantagintzaren habia da. Iparraldekoen errepertorioak eta kantariak, zalantzarik gabe, oso garrantzitsuak izan dira beti gure herri-nortasuna elikatzeko.