Radio Euskadi
Elkarrizketa Radio Euskadin
Mendiaren iritzian, Bartzelonan jazotako istiluak 'onartezinak' dira
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen arabera "demokrazia erreala bezalako kontzeptuak ez datoz bat atzoko gertakariekin".
Bartzelonako ''suminduek'' istilu larriak eragin zituzten atzo, Parlamentura Aurrekontuak onartzera joan ziren diputatuak irainduz eta haiei eraso eginez. Egoera horren aurrean, diputatu batzuk Poliziaren furgonetetan heldu ziren bertara eta beste batzuk, Artur Mas esaterako, helikopteroz.
"Norberak bere haserrea errespetuz eta modu baketsuan azaleratu dezake, baina ez inori eraso eginez edo setiatuz", adierazi du Mendiak, atzo Bartzelonako ordezkari politikoek jasandako erasoen harira.
Bestalde, Mendiak esan du Bilduri ETAren "gaitzespen argia" egiteko eskatu behar zaiola, eta "anbiguotasuna alde batera" uzteko eskatu dio koalizioari, lurralde honetan "indarkeriak izen-abizenak baititu".
Jaurlaritzak eta EAJk "erakunde arteko harremanei eutsi" egiten dietela jakinarazi du, baina udal eta foru erakundeetarako jeltzaleei aurkeztu zieten "egonkortasun akordioa baztertuta" sortu den egoeraren aurrean, PSE-EEko ordezkariak "arduratuta" daudela gaineratu du.
Erabaki horren ondorioz egun "251 daude, baina udaletxe askotan ez dago egonkortasunik, ezta gobernatzerik ere", erantsi du Mendiak.