Irratia
Irratia
Udako programazioa abiatuko dute EiTBko irratiek astelehenetik aurrera
EiTB
'Barrubiak', 'Entre Calles', 'Por la Sombra' eta 'Marea Gaztea', udako irratsaioen artean.
Uztailaren 2tik aurrera jarriko dute abian EiTBko irratiek udako programazioa. Egun horretan hasiko dira irratsaio berriak eta uda giroko edukiak. Ohiko programazioa udako ukituekin izango da entzungai Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta Gaztean. Kirol emanaldiek eta kultur eta jai ekitaldiek tarte garrantzitsua izango dute programazioan beste behin.
Euskadi Irratia
Euskadi Irratiak 'Faktoria' saioarekin jarraituko du goizetan astelehenetik ostiralera. Albistegia 07:00etan hasiko da, eta magazina 09:00etatik 12:00etara izango da. 'Blai' saioak hartuko dio lekukoa. Euskadi Irratiko udako tarteak jaiak eta uda giroko edukiak ekarriko ditu. Euskal Herria zeharkatuko duen Euskarabentura izeneko gazte espedizioaren jarraipen zehatza egingo du 'Blai'k egunez egun uztailean zehar.
14:30ean, 'Barrubiak' elkarrizketa tartea estreinatuko da. Ordubeteko solasaldiak izango dira.
Arratsaldea 'Bihotzeko Fonoteka'rekin hasiko da. Bertan, pertsonaia ezagun batek bere bizitzan bereziak izan diren 10 abestiren gainean hitz egingo du egunero. Ondoren, 'Udako Kantu Kontari' saioarekin, zuzeneko emankizunari eutsiko zaio, musika eta hitza uztartuz, iluntzeko albistegira arteko bidea eginez. Uztailean, 'Mezularia'k atseden hartutakoan, 'Egunak Gaur' albistegia izango dugu. Iluntzeetan, France Bleu eta Euskalerria Irratiarekin elkarlanean egindako 'Zubiak' saioaren eta olerkiari eskainitako 'Lizardiren Baratza' saioaren errepikapenak izango dira.
Asteburuetan, 'Amarauna' magazina izango da entzungai, goizez, eta kirol emankizunak izango dira nagusi eguerdi eta arratsean . Tourraz eta Vueltaz gain, arraun emanaldiek tarte handia izango dute. Halaber, kirol elkarte eta taldeetako kideei egindako elkarrizketak eskainiko dituzte tarteka udako programazioan.
Radio Euskadi
'Boulevard' albistegi tarteak goizeko aktualitatea ekarriko du. Uztailean, 10:00etan, 'Boulevard Magazine'k hartuko dio lekukoa, eta abuztuan, aldiz, 'Entre Calles' saioak beteko du 13:00ak arteko bidea.
Arratsaldean, 'Graffiti'k ez du oporrik hartuko, baina solaskideak berrituko ditu, eta uda giroko gaiak izango ditu ardatz. Euskarabenturaren berri emango du egunero. 'La Mecánica del Caracol'ek ere, bere tarteari eutsiko dio.
20:00etan, halaber, 'Ganbara' albiste irratsaioak, iaz bezala, tarte berezia eskainiko die egunero EHUren Udako Ikastaroei, 21:00etatik 22:00etara.
23:00etan, 'Kirolak' tartearen txanda izango da, eta urtean zehar 'Más Que Palabras' saioan Almudena Cachok egindako elkarrizketen aukeraketa izango da 23:30ean.
Larunbat eta igande goizetan, 'Por la Sombra' magazinaren txanda izango da 09:00etatik aurrera. Kirolak, txirrindularitzak, arraunak eta futboleko euskal taldeen denboraldi-aurreak ere leku garrantzitsua beteko dute Radio Euskadiren programazioan.
Radio Vitoria
'Prime time' saio goiztiarra udan 06:00etatik 07:00etara eskainiko da. 07:00etan, 'Radio Vitoria Gaur' tartea informazioaz, elkarrizketez, solas-mahaiez eta unitate mugikorrak ekarritako guztiaz beteko da. 07:00etatik 10:00etara albistegi egitura izango da nagusi, eta 10:00etatik 13:00era, magazina.
Informazioa, berriz, 13:30etik aurrera eskainiko da 'Araba Gaur' irratsaioan eta 14:15ean kirola, 'Radio Vitoria Deportes' tartean.
Asteburuan , 09:00etatik 13:00etara 'Por La Sombra' magazinaren txanda izango da eta jakina, ez dute hutsik egingo 'Opera On', 'Africa is calling', 'Gure Musika', 'Lasciate mi Cantare' eta 'Cronopios y Famas' musika irratsaioek.
Ohi denez, halaber, Arabako udako ekitaldi garrantzitsuenak, hurbiletik jarraituko ditu Radio Vitoriak: jazza, Gasteizko Jazzaldiko kontzertu guztiekin, triatloia eta jaiak.
Gaztea
Udako ukitua dakar Gazteak ere. Musika ona eta entretenimendua izango ditu ardatz programazioak. 'Dida' irratsaioa 'Dida Fresh' bilakatuko da, eta 'Marea Gaztea' tarte berria izango dute arratsaldeetan . Larunbat goizetan, 'Top Gaztea' izango da entzungai, eta arratsaldeetan, larunbat eta igandeetan, 'Be Positive' irratsaioa.
Horrez gain, udako jaietan presente egongo da Gaztea, eta, nola ez, musika jaialdiei arreta berezia eskainiko die zuzeneko konexio eta tarte bereziekin; BBK Liven, kasu.