Itxi

Osasun etxea

Osasun Etxea

Felix Zubia: "Neguko beste gaitz bat bihurtu daiteke aurten koronabirusa"

T.S.J. | EITB MEDIA

Donostia Ospitaleko ZIUko buruak Euskadi Irratiko "Osasun Etxea" saioan adierazi duenez, udazken honetan covid aldaera berriak garatu daitezke, baina herritar gehienek defentsak izanda, litekeena da infekzio arinarekin igarotzea. Dena dela, talde zaurgarriak babesteko deia egin du beste behin ere.

  • Felix Zubia

    Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko burua, artxiboko argazki batean. Iturria: EITB MEDIA

    26:24 min
imagen player
imagen player
imagen player

Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko buruak iragarri duenez, udazken honetan covid aldaera berriak garatu daitezke, baina herritar gehienek defentsak izanda, litekeena da infekzio arinarekin igarotzea. Dena dela, talde zaurgarriak babesteko deia egin du beste behin ere Euskadi Irratiko "Osasun Etxea" saioan egindako adierazpenetan.

Zubiaren iritziz, adituak aipatuta, udazkenari eta neguari begira, covid aldaera berriak sor daitezke, olatu gehiago izango dira gurean, baina arinagoak, gehienok immunitatea garatu baitugu. Hori horrela, "neguko beste gaitz bat bihurtu daiteke aurten koronabirusa". Hala eta guztiz ere, immunitate arazoak dituztenak eta adinekoak dira gehienbat olatu berrietan kaltetuko direnak; hori dela eta, pertsona horiek babesteko neurriak hartzeko eskatu du.

2020az geroztik, koronabirusa agertu zenean, bizi izandakoa gogorarazi du Zubiak Euskadi Irratian. "Birusa erabat berria zen, ez geneukan defentsarik: izugarri kutsakorra zen, % 4-5k pneumonia garatzen zuen, eta hilkortasun tasa altua zen", gogoratu du. Horrek osasun sistema kolokan jarri zuen, ZIUak gainezka utzita. Denborak aurrera egin ahala, aldaera berriak sortu ziren (Delta), "are kutsakorragoak, eta hilkortasun tasari eutsita". Baina bidean birusa aldatuz joan zen (Omicron), immunitatea garatuz joan ginen, txertoari eta berez kutsatu izanari esker, "orduan, gaitzari asko kostatzen zitzaion biriketara jaistea". Zubiaren esanetan, "% 80 baino gehiagok defentsak ditugu egun".

Etorkizun hurbilean covidaren aurkako 4. dosia dago, izan ere, irailaren 26tik aurrera ematen hasiko dira Hego Euskal Herrian. Laugarren dosi hori norentzako egokia den galdetuta, Zubiak argi dauka: "osasun langileentzako, talde zaurgarrienekin dihardutenentzako, immunitate arazoak dituztenentzako eta tratamendu onkologikoak, besteak beste, jasotzen ari direnentzako". "70 urtetik gorakoei oro har gomendatuko nieke, eta 60-70 urte artekoei, ordea, kasuan kasu erabaki beharko genuke", zehaztu du, "esaterako, gaitz kronikoren bat edo obesitatea daukatenentzat bai".

Amaitzeko, Donostia Ospitaleko ZIUko arduradunak aditzera eman duenez, gripearen eta covidaren aurkako txertoak aldi berean jar daitezke lasaitasun osoz, iaz bezala.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.