Itxi

Osasun etxea

KORONABIRUSA

Felix Zubia: "Ez nau batere kezkatzen ekainaren 26an aire librean musukoa kentzeak"

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB.EUS

Hori bai, besteekiko bi metroko segurtasun distantzia errespetatzea ezinbestekoa izango dela gogorarazi du Donostia Ospitaleko ZIUko medikuak eta barrualdeetara beti maskararekin sartu behar dela.

  • Covid-19

    Felix Zubia ETBk egindako elkarrizketa bateko artxiboko irudian.

    30:50 min
imagen player
imagen player
imagen player

Ekainaren 26tik aurrera maskara janztea ez da derrigorrezkoa izango aire librean. Jende askok pozez hartu duen albistea eman zuen asteon Pedro Sanchez Espainiako presidenteak eta baikortasun horrekin bat egiten du Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko buruak ere. Aire librean maskararik gabe ibiltzeari ondo deritzo medikuak; hori bai, besteekiko segurtasun distantzia errespetatu behar dela gogorarazi du eta edozein toki itxitara sartzerakoan jantzi.

"Ez nau batere kezkatzen ekainaren 26tik aurrera aire lirean musukoa kentzeak, baina gehiago kezkatzen nau zer egingo dugun toki itxietara sartzean. Poltsikoan eraman eta janzteko ohitura hartu behar da. Orain arte beti geneukan gainean eta ez geneukan ohitura hori eta orain, hartu egin beharko dugu" hausnartu du Zubiak Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan. 

Era berean, kalean segurtasun distantzia errespetatzearen garrantzia azpimarratu du bere solasaldian: "Paseoan noanean ez dago arriskurik baina norbaitek hizketan hasten banaiz bi metroko distantzia hori jasotzera ohitu beharko dugu". Izan ere, musukoak toki itxietan aerosolengandik babesten gaituen bezala; gertutasunean, parean dugunaren ahotik ateratzen diren tanta handiagoak gure sudur-ahora iristen eragozten du, baita guk ere hitz egitean, abestean edota eztul egitean botatzen ditugunak besteei iristea ere. Horregatik, maskararik izan ezean, distantzia utzi beharra dago beste pertsonekiko, tanta horiek irits ez daitezen.

Donostia Ospitaleko ZIUa bere ohiko tamainara itzuli da

Erabaki hau posible egin duen pandemiaren hobekuntza eurek ere nabarmen antzeman dutela kontatu du Zubiak: "Gaixo larriak artatzeko ireki genuen aparteko gunea itxi dugu eta gure ZIUa bere ohiko tamainara itzuli da. 48 pertsona ditugu une honetan unitatean, horietatik 12 covidagatik".

Txertoaren zabalkundeak ekarri duela mesedea argi du medikuak: "Txertoa eraginkorra dela argi geratu da. Une honetan 40-50 urte artekoak sartzen dira covid-19agatik gure unitateetan eta hemendik aste batzuetara horiek ere ez ditugu izango". Hori bai, gazteenak ere laster txertatu beharra dagoela azpimarratu du, "horiek aldaera berriekin kutsatzen badira, txertoak huts egin diezaikeen edota txertatu ez diren pertsona helduetara irits baitaitezke aldaera horiek" hausnartu du, Indian sortutako Delta aldaera Britainia Handian eta Portugalen eragiten ari den arazoak ikusita.

Bide batez, txerto guztiak direla eraginkorrak aldaera berrriekiko nabarmendu nahi izan du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.