Amiantoaren ondorio hilgarriei buruz eta kutsatutakoek justiziaren aurrean egin beharreko borrokaz aritu dira Jesus Uzkudun CC.OOko kidea eta amiantoaren hiru biktima; Susana Velazquez eta Josu eta Garbiñe Zeziaga. Aurten, 11 lagun hil dira amiantoak sortutako gaitzen ondorioz Euskal Herrian. Etorkizunean milaka izango direla kaltetuak esan digu Jesus Uzkudunek. Enpresak ezkutatzen ari direla salatu nahi izan du, baina, hala ere, "borroka hau irabazi egingo dugu" azpimarratu du. Susana Velazquezen ama amiantoak eragindako gaitzaren ondorioz hil zen. Bide luzea eta neketsua egin zuten justiziak hori onartu zien arte. Enpresak familiari detektibeak jarri eta ateratako informazioa epaiketan erabili zutela kontatu du 'Mezularia'n. Josu eta Garbiñe Zeziagak ama galdu zuten amiantoaren ondorioz. Bergarako epaitegiak onartu zien ama aitaren buzoak garbitzerakoan kutsatu zela. Arcelor enpresak helegita aurkeztu eta Gipuzkoako Auzitegiak enpresaren alde egin du.