Goizak gaur
Ukrainako gerra
Lander Beloki: "Ez dago deskartatzerik erregai horniduran arazoak egotea"
Garazi Urdanpilleta | EITb Media
Mendebaldeak Errusiaren kontra hartutako neurriek hango ekonomian ere eragin nabarmena izango dutela dio Lander Beloki Mondragon Unibertsitateko Enpresa fakultateko dekanoak: "Neurri zorrotz horiekin ez dirudi Errusiak luzera aguantatzerik izango duenik, eta horrek ulerkaitzago egiten du egoera".
-
Lander Beloki
6:42 min
Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko larriez mintzatu dira azken orduotan agintariak, eta mezu bera eman du "Goiza Gaur" albistegian Lander Belokik, Mondragon Unibertsitateko Enpresa fakultateko dekanoak. Gerra bera eta Errusiaren aurka mendebaldeak jarritako zigorrak eragin nabarmena izaten ari da energiaren eta elikagaien prezioetan, eta horrek ekonomiara "ziurgabetasun nabarmena" ekarriko duela azpimarratu du. Are gehiago, erregai horniduran arazoak egon daitezkeela dio, Europako herrialde askok Errusiarekiko mendekotasun handia baitute arlo horretan.
Pandemiaren ostean ikusten ziren inflazioaren zantzuak epe laburrera beheratu zitezkeen ustea zegoen arren, Belokik baieztatu du "prezioen igoerak inflazioaren gorakada ekarriko duela eta, ziur aski, moneta politika zorrotzagoa eskatuko duela". Errusiaren eta Ukraniaren arteko negoziazioek inbasioa etetea ekarriko balute, horrek egoera baretu lezakeela uste du, baina horretarako aukerak baxuak direla.
Bestalde, egoera honek Errusiako ekonomian ere eragin oso handia izango duela nabarmendu du, Errusiak ere Europarekiko mendekotasuna baitauka. "Kanpoko monetetan dauden kontuen kontuen korralitoa deklaratu du gobernuak, FITCH agentziak esan du oso epe laburrean ordaindu ezinean gertauko da Errusiako ekonomia… Zaila da pentsatzea horrelako neurri zorrotzen aurrean Errusiak luzera aguantatzeko aukera izango duenik, eta horrek ulerkaitzago egiten du egoera".