Goiz kronika asteburua
Elkarrizketa
Paxkal Indo: 'Ez dira ametsak, proiektuak dira eta dirua lortuko dugu'
O.A. | EITB.EUS
Seaskako lehendakariak azaldu duenez, Herri Urrats jaian bildutako dirua Bernat Etxeparen lizeoan eraikin berria egiteko eta Lanbide Heziketako eskaintza egiteko baliatuko dute.
-
Herri Urrats 2016. Argazkia: EiTB
Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen jaia ospatzen ari dira gaur, urtero legez, Senpereko lakuaren jiran eta, horren harira, Paxkal Indo Seaskako lehendakariak hitz egin du Euskadi Irratiko Goiz Kronika saioan.
Aurten bildutako dirua Baionako Bernat Etxepare lizeora bideratuko dute eta eraikin berria egiteko ez ezik, lizeoaren eskaintza berritzeko ere erabiliko dute. Izan ere, lehendabizikoz Lanbide Heziketa eskaini nahi du Seaskak.
Paxkal Indok azaldu duenez, eraikina egiteko 10 milioi euro behar dituzte; zehazki, diruaren % 70 inguru erakunde publikoek jarriko dute eta falta denari aurre egin egin behar dio Seaskak. Ildo horretan, Paxkal Indok nabarmendu du milioi bat euro lortzea presazkoa dela eta, diru hori eskuratuz gero, proiektua gauzatzea lortuko dutela. Halaber, materiala erosteko 100.000 euro falta dituzte eta diru hori ere lortuko dutenaren uste osoa du Indok.
"Ez dira ametsak, proiektuak dira eta lana eginez diru hori eskuratuko dugu. Ez dugu dudarik. Lortuko dugu", nabarmendu du. "Diru asko da, baina lorgarria dela uste dugu", gaineratu du.
Paxkal Indo Seaskako lehendakaria. Argazkia: EiTB