Faktoria
Aner Peritz Manterola
Aner Peritz: "Bertsolaritza txuri, zis, gipuzkoarra dugu. Aldatu nahi dugun eta nola hausnartu behar dugu"
Gipuzkoako bertsolari txapelketa amaituta, Faktoria albistegian izan da Aner Peritz bertsolari gaztea.
-
Aner Peritz Manterola bertsolaria, Faktorian
29:01 min
Txapelketa amaituta, oraindik laino artean eta 'burbuilan murgilduta' dagoela aitortu du "Faktoria"n Aner Peritzek. Gustora finalean egindako lanarekin, eskertuta jaso dituen mezu piloarekin eta neurri batean izan duen oihartzunarekin harrituta. Espero ez zuen tokietara irtisi baitira bere agurrean esandakoek. Bertsolaritza berri baten aldeko mezua izan zen askoren iritziz eta ez du hori baztertu Peritzek, 'bertsolaritzaren erronka nagusietako bat hori da, gure buruari begiratu eta pentsatu behar dugu zer aldatu nahi dugun eta hori nola egingo dugun'. Tradizioarekin ez duela hautsi nahi dio, 'tradizioan balio ez diguten gauzekin' hautsi nahiko luke berak eta bide horretan ari den korronte bat ikusten du Euskal Herrian. Bertsolaritzan ere bai. Helburu hori lortzeko eman dira urratsak eta azpimarratu nahi izan ditu Aner Peritzek zaharragoak diren feministak, 'bertsolaritzara gaur egun iritsi gara Arantzazu Loidik eman zuen pausoa eman zuelako oso polita izan zen txapela jarri zuen unea. Gerora etorri ziren Maialen, Uxue eta Onintza'.
Mezu zuzenak botatzen ditu Aner Peritzek eta horrek 'lasaitua' ematen diola aitortu du. 'Baliatu behar dugu kritika eta autokritika egiteko, finala eta finaleko agurra baliatu behar dugu 7000 euskaltzale aurrean ditugula, gauzak esateko'.
25 urtetik beherako bertsolari onenaren saria eskuratu du Aner Peritzek baina, ez dio horri garrantzia berezirik eman nahi 'gazteen arteko lehia sustatzea' izango delako eta azpimarratu du finalean izan zirenen arteko adiskidetasuna. 'Alaiak esan zuen agurrean eta horrekin erabat bat nator'. Ez du bertsolaritza gaztearen ikur izan nahi, onartzu du txapeketaren ondoren eta ikusgarritasun eta mediatizazioarengatik akaso leku hori tokatu zaiola baina, bertsolari talde oso baten barruan kokatu du bere burua Aner Peritzek: 'bertso belaunaldi sare oso bat dago eta horrek akaso zerikusia du sare transfeministarekin. Talde oso horren baitan nago eta hori ez balitz, ni ere ez nintzateke egongo'.