Faktoria Albistegia
ELKARRIZKETA
Aldasoro: “Orain arte egindako lanak eman digu parada jauzi egiteko. Zertan? Erabileran batez ere”
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak zehaztu du Euskararen normalizazioan jauzi bakarra ez, jauzi asko eta arlo askotan eman behar direla.
-
Aitor Aldasoro, Erriberako merkatuan.
23:50 min
Aitor Aldasoro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordearen hitzetan badago Euskararen egunean, baikortasunerako daturik: "1981ean 450 mila ziren eta orain 940 mila gara euskara ezagutzen dugunak. Bide bat egin da baina ez da nahikoa eta eraginkorrak izaten asmatu behar dugu, mundu likido eta aldakor honetan".
Euskararen normalizazioan jauzi bakarra ez jauzi asko eta arlo askotan eman behar direla zehaztu du eta adierazi du "orain arte egindako lanak ematen digula parada hain justu, jauzi hori egiteko: 16 eta 35 urte bitarteko gazteen artean %75ak euskara badaki, horrek ematen digu lanerako beste eremu bat. Guk eremu formalera eraman dugu ezagutza batez ere eta arlo formal horietatik ez formaletara, aisialdira eta lan esparrura jauzia egiteko parada daukagu orain, erabileran batez ere".
Euskara ikasteko doakotasunaz galdetuta, mailaz maila zabaltzen joateko borondatea azaldu du baina argi utzita, helburua ez dela doakotasuna, euskaraz jakitea baizik.
Mobilizazio dinamikei buruz, eraginkortasunaren aldeko apustua egin du eta larrialdi mezuek jendea atzera egitera eraman dezakeen kezka ere azaldu du: "Mezua positiboa den heinean erakarriko dugu jendea. Indarraldia nola ehundu mundu berri honetan, hori da dugun etxeko lana. Panorama aldatu baitzaigu, gero eta jende euskaldunagoa dugu baina gero eta tentaldi gehiago eskaintzen ditu ondoko munduak….", esan du.
Administrazioa euskalduntzeko urratsen aurka epaitegietatik iritsi diren epaiei buruz, "haserretu" egiten dutela adierazi du baina erantsi du indarrak erabileraren erronkan jarri behar direla. "Administrazioan %90ak euskara eskakizuna betetzen badu, zerbitzua euskaraz eskaintzeko gauza bada, pausoa da erabiltzea".