Faktoria
Elkarrizketa
Joxepi Miura, kontrabandoan aritua:“Kontuz ibiltzen ginen; edozein metak karabinero bat izan zezakeen atzean”
Ane Zuazubiskar | EITB Media
Kontrabandoaz aritu zaigu Joxepi Miura baztandarra, eta emakumeen eta haurren egitekoaz ere bai.
-
Joxepi Miura, kontrabandoan aritua.
23:24 min
Elizondoko Beartzun auzoko Urruska etxekoa da Joxepi Miura. Elizondoko kaskoa hamar kilometrora dute, eta hiru kilometrora Aldude. Haurra zenetik ezagutu du Guardia Zibilak muga zaintzeko haien etxetik gertu zuen etxola.
Kontrabandoaz aritu zaigu, eta emakumeen eta haurren egitekoaz: "Gizonak arituko ziren kargarik handienekin, baina begirale moduan haurrak eta emakumeak aritzen ginen". Mugako kontrol horiek desagertu aurretxora arte kontrabandoan aritzen ziren herritarrak: "Kafea adibidez, oso amaierara arte pasatu zen handik hona. Edonork eraman zezakeen kafe kilo bat arropetan ezkutatuta". Bi bueltako lana izaten zen: "Kafea iparraldetik ekartzen genuen, txigortu, eta berriro itzultzen genuen".
Eguneroko harremanean "normal-normal" aritzen omen ziren karabineroekin: "Duela urte batzuk elkarrizketa bat egin zidaten landetxearen harira, eta Soriatik gutun bat jaso nuen. Guardia Zibil bat zen, hemen pasa zuen garaiaren oroitzapen gozoa zuela kontatuz". Gordeta du gutuna Joxepi Miurak.
Inguruan etxea nekazal turismorako egokitzen lehenengotakoak izan ziren Urruska etxekoak, eta egun, bisitariei kontatzen dizkie ume garaikoak: "Mugak gure bizitzaren alderdi guztiak baldintzatzen zituen. Baina kuriosoa da, Europan sartu aurretik, muga hor zelarik, askoz harreman estuagoa genuen Aldudeko herritarrekin".