Itxi

Faktoria

ZESTOAKO AFERA

Mikel Arregi: ''Elizak ez du daukan ondarea kudeatzeko ahalmenik, eta esku publikoetara pasa beharko luke''

EIDER ARANBERRI | EITb Media

Zestoako Gazte Asanbladak eliz ondoko eraikina okupatu zuen iaz, eta bihar bi gazte epaituko dituzte. Elizak ez duela negoziatu nahi salatzen dute, eta pasa den igandeko mezara oihuka sartu ziren. Eliztarrek gertatutakoa gaitzetsi dute, eta blokeo egoera bideratzeko sosegua eskatu du alkateak.

  • Mikel Arregi alkatea

    Mikel Arregi alkatea

    5:27 min
imagen player
imagen player
imagen player

Zestoako Gazte Asanbladak Elizaren jabegokoa den Elizondo eraikina okupatu izanak hautsak harrotu ditu herrian. Urtarrilaren 24an, asanbladako bi gazte epaituko dituzte Azpeitian usurpazioa leporatuta. Duela ia urtebete okupatu zuten eraikina, eta gazteek salatu dute Donostiako Gotzaitegiak ez duela negoziatu nahi izan eraikina gaztetxe bihurtzeko. Bada, presio egiteko, gazteak pasa den igandeko mezara sartu ziren oihuka, aurpegiak estalita eta zuriz jantzita; atzo, eliztar taldeak ekintza "agresibo" hori salatu zuen erlijio eta biltzeko askatasunen aurkako ekintza izan zela iritzita.

Bi aldeen erdian dago Zestoako Udala, eta Mikel Arregi alkateak Euskadi Irratiko 'Faktoria'-n eman du iritzia: "kezkaz bizi dugu egoera. Udalaren partetik, aspaldikoa da eraikin hori eskuratzeko intentzioa". Izan ere, Zestoak auzo asko ditu, eta historian zehar elizak ondare handia pilatu du. Alkatearen ustez, elizak ez dauka material humanorik ondare horren kudeaketa egokia egiteko, eta "dena erortzen hasi baino lehen, esku publikora pasa beharko luke". 

Baina, afera honetan, gauza asko ari dira nahasten, eta ez dute auzia bideratzen laguntzen: "ez zait ondo iruditzen igandean gertatutakoa. Zubiak eraiki egin behar dira, eta zubiak apurtzeak helburua urruntzen du. Aitortu behar da sinesmen eta ideologia ezberdinak daudela eta herriak aurrera egingo badu guztiak errespetatu behar direla".

Donostiako Gotzaitegiarekin harremanetan dago Arregi, eta bertatik helarazio diotena izan da, negoziatzen hasteko gazteek aurrez eraikina hustu behar dutela. Euskadi Irratiak jakin ahal izan duenez astearte goizean bilera egingo du Gotzaitegiak, eta ostean kontu honen inguruko oharra kaleratuko du.