Faktoria
Udaltzaingo-eredu komunitarioa
Urtza Alkorta, Ondarroako alkatea: 'Herri txikion errealitatea ezagutzen duen udaltzaingoa nahi dugu'
EITb Media
Ondarroa, Lekeitio, Markina eta Lemoan 'udaltzaingoaren eredu komunitarioa' lortzeko apustua egin dute, lan eskaintza publiko propio eta berezitua eginda.
-
Udaltzainak aukeratzeko lan eskaintza Ondarroa, Lekeitioa, Markina eta Lemoan
8:57 min
'Udaltzaingo eredua aldatu' nahi dute Ondarroa, Lekeitio, Markina eta Lemoan. Segurtasun eredu erreaktibotik proaktibora moldatu nahi dute, segurtasuna modu zabalean ulertuz. 'Komunitatearekin, herritarrentzat lan egin, baina herritarrekin batez ere, elkarrekin lan eginaz', esan du, "Faktoria" albistegian, Urtza Alkorta Ondarroako alkateak. Herrien gaineko ezagutzari garrantzia emango zaie lan eskaintza publikoan eta, batez ere, 'euskarari. Udaltzaingai baikoitzak aukeratuko du zein herritara aurkeztu, eta horri buruzko ezagutza proba egingo da, euskaraz'. Alkastearen hitzetan, jabetu dira eskatzen den B2 mailak batzuetan ez duela bermatzen euskaraz aritzeko gaitasuna.
Epaitegietatik etorri diren azken erabakiak ikusita aurkako epairik etorri ote litekeen galdetuta, Alkortak esan du 'egun ikusita euskararen aurkako erasoak nola datozen, gerta litekeen zerbait' dela, baina euskararen eskakizuna herriaren ezagutzaren zatian eskatuko zaiela gogoratu du. 'Uste genuen herriaren inguruko ezagutzarena euskaraz eskatu behar zela'. Pistola edo suzko armen erabileraz duten iritzia ere ildo horretatik doa: 'Herri txikiak gara, ez dugu horren beharrik ikusten, eta, guk dugun delinkuentzia maila baxuarekin ez diogu zentzu handirik ikusten'.
6 lanpostu eskaniiko dituzte orain arte lau herri horietan, Ondarroa, Lekeitio, Markina eta Lemoan, baina zabaltzeko aukera dago eta proba horretatik aterako den lan-poltsa lau herri horietan ordezkapenak egiteko erabiliko da. 'Gaur egun, Arkautitik bidaltzen dira udaltzainak, eta horrek sartu-irten ugaria eragin du'.
Bizkaiko lau udalerri horietan hasi da ekimena, baina beste hainbat herrietatik galdezka eta parte hartzeko nahiarekin hurbildu zaizkiela onartu du Urtza Alkortak, Ondarroako alkateak.