Faktoria
Energia-krisia
Joxe Mari Biurrarena, garraiolara: "Grebara goaz astelehenean; soka lepoan dugu"
Mikel Rotaetxe | EITb Media
Ukrainaren inbasioaren ondotik, hilabete batetik bestera, Joxe Mari Biurrarenaren kamioiaren depositua betetzea 1.000 eta 1.500 euro artean garestitu da. Garraiolari eta TRADISNAko kideak iragarri du greba egingo dutela datorren astean.
-
Gasolindegi bat, gaur
3:50 min
Azpeitiatik Donostiarako ohiko bidean hitz egin du Euskadi Irratiko "Faktoria"n Joxe Mari Biurrarena kamioi gidari eta TRADISNA garraiolari-elkarteko kideak. Ukrainaren inbasioak eragindako energia-krisiaren lekuko ari da izaten egunotan: "Astelehenean 1,65 eurotan zegoen gasoil litroa eta gaur 1,80 eurotan". Hilabete batetik bestera 1.000 eta 1.500 euro artean garestitu da depositua betetzea, eta "soka lepoan" dutela ebatzita, sektoreak grebara joko duela baieztatu du.
Mobilizazioa antolatzeko bilera egingo dutela azaldu du. Larunbatean elkartuko dira, Iruñean, eta jotzat eman du egitasmoak aurrera egingo duela: "Datorren astean egingo dugu greba, astelehenetik aurrera". Protesta gauzak "onbidean" jarri arte luzatzeko prest azaldu da, egoera "jasanezina" delako, "bereziki gidari autonomoentzat eta enpresentzako txoferrentzat".