Faktoria
Nafar parlamentuko presidentea
Hualde: "Euskararen gaian badira gobernu barruan sentsibilitate ezberdinak eta ebazpenetan azalduko dira"
Nafarroako Parlamentuan foru erkidegoaren egoerari buruzko eztabaidari ekin diote. COVID ondorengo lehen bilkura izango da eta aurten, EH Bildurekin aurrekontuen akordioa bideratuta dator.
-
Unai Hualde, Nafarroako Parlamentuko presidentea
4:26 min
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea "Faktoria"n izan da. Aurrekontuen eztabaidaz aritu da, eta akordioak gaurko eztabaida baldintzatuko duela azaldu: "Datorren astean legealdiko hirugarren aurrekontua helduko da Parlamentura. ildo aurrerakoi batean dator, Europako fondoak, errekuperazio ekonomikoa, eraldaketa digitala eta ekonomikoa... gaurkotasunean dauden gaiak dira guztiak", esan du Hualdek.
Euskara eta hizkuntzen inguruan gobernu barruan dauden iritzi ezberdinei buruz adierazi du, "argi eta garbi sentsibilitate ezberdinak daudela eta gai horiek ere mahai gainean jar daitezkeela parlamentuko eztabaidaren ebazpenetan".
Azkenik, onartu du legealdi honetan Geroa Baik gobernu barruan duen ikusgarritasuna ez dela aurreko legealdian zuenaren adinakoa.