Faktoria
Elkarrekin-Podemos-IU
Iñigo Martinez: "Ez dut uste aurten aurrekontuen bozketan gure taldeak banatuta bozkatuko duenik"
OIhane Yustos | EITb Media
Ezker Anitzako legebiltzarkideak "Faktoria"n esan du "Pedro Sanchezek eta PSOEk eragin dutela lan erreformaren harira Espainiako gobernuan sortu den tentsioa.
-
Iñigo Martinez, Ezker Anitza
11:16 min
Eusko Jaurlaritza sailka aurkezten ari den aurrekontuen zirriborroa aztertzen ari da Elkarrekin-Podemos-IU taldea, nola bozkatu erabaki aurretik. '"Musikari baino, zenbakiei" begiratuko dietela esan du "Faktoria" albistegian Iñigo Martinez koalizioko kideak. Aurreko urtean banatuta eman zuen botoa, bere taldeak. Ahal Dugukoak alde, Ezker Anitza alderdikoak aurka. "Ezohiko egoera izan zen" esan du Martinezek, "behin bakarrik pasatu da, une konkretu batean, eta ez dut uste errepikatuko denik". Dena den, aurreratu du zuzenketak jarriko dituztela, diru kontuak hobetu asmoz.
Espainiako Gobernuak albiste bihurtu du lan erreforma bertan behera uzteko Moncloako bi bazkideek, Podemosek eta PSOEk, lortu duten akordioa. Ezker Anitzako legebiltzarkidearen arabera, "indargabetzea beteko da, sozialistek ez dutelako beste aukerarik". Enpresariek aurkako jarrerari ez dio garrantzirik eman, "akordioaren barruan egon nahi badute egongo dira, baina, nahi izan ala ez, indargabetzea egongo da". Azken egunetan Gobernuko bazkideen artean sortu den tentsioari buruz galdetuta, Martinezek uste du, "PSOEk eta Pedro Sanchezek jarri duela tentsioa, Yolanda Diaz ministroak 9 hilabete zeramatzan lan erreformarako lan egiten".
Funtzio Publikoan CCOO sindikatuak euskara eskakizunei lotuta jarri duen helegiteari buruz, berriz, ez du iritzirik adierazi. Helegiteak egingo duen ibilbidea aztertu nahi du Elkarrekin Podemosek, baina euskara eskakizunen inguruan eztabaida lasaia egitea eskatu du. "Herri akordioa bilatu behar da, adostasun zabala, liskar publikoetan ez murgiltzeko". Koalizio moreak uste du orain dagoen araudia ez dela betetzen ari leku askotan, herri askotan, eta erabaki du zein den jarraitu beharreko bidea: "herriaren arabera moldatu behar dira hizkuntz eskakizunak".