Itxi

Faktoria

Zaballako espetxeko presoak

Unai, Zaballako presoa: "Egutegirik ez izatea da okerrena, ez jakitea nora zoazen, noiz irtengo zaren"

Unai, Iñaki eta Joseba Zaballako presoekin hitz egin dugu "Faktoria"n, espetxeko bizitzaz eta premiez, presoen buru-osasunaz eta bergizarteratzeaz. Hirurak bat datoz: "Ortzemuga bat behar dugu, nora goazen jakitea".

  • Zaballako espetxea

    Zaballako espetxea

    15:19 min
imagen player
imagen player
imagen player

Bi urte bete berri ditu Zaballan Iñakik eta espetxeko erizaindegian egiten du lan. "Faktoria"ko mikrofonoetan kontatu duenez, kartzelako bizitza "lasaia" da, baina eguneroko lanean bertatik bertara ikusten du buruko gaitzak dituzten eta menpeko diren presoen larria. Ekonomatoan lan egiten duen Unaik nabarmendu duenez, buru-osasuna "kaltetuta" duen jende asko dago Arabako espetxean: "Hemendik ez gara bihar irtengo, eta bakoitzak ahal duen moduan egiten du aurrera". Zaballara iritsi berri den presoak uste du okerrena "bideorririk ez izatea" dela: "Ez dakigu nora goazen, noiz aldatuko garen graduz, noiz irtengo garen, eta hori ez da batere lagungarria". Bat datoz Iñaki eta Joseba. Urtebete eman du Zaballan, eta ostiralean pasako da hirugarren gradura: "Aurrera egin behar dugu hemen, egunerokoan aurre eginez, pilulekin ez goazelako inora".

Irten eta berehala familiarekin egon nahi du Josebak: "Familiarekin afalduko dut, izugarri sufritzen dute eta galdutako denbora berreskuratu nahi dut". Bergizarteratzeaz galdetuta, denek aitortu dute iraganeko akatsetatik "ikasi" dutela, baina onartuz "kartzelatik pasatzearen estigma ez dela erraza".

Espetxe-kudeaketaren transferentziaz galdetuta, auziaz "asko" hitz egiten dutela aitortu digute hiru presoek, eta espetxeko baldintzak "hobetzeko balioko duela" espero dute.