Faktoria
Eutanasia
Ander: "Amaren ausardia izan nahiko nuke, nire bizitzeko ezintasunaren pisua besteengan utzi gabe"
Izaro Insausti | EITb Media
Eskarnek, Anderren amak, orain 10 urte hartutako erabakia errespetatu du familiak eutanasia baliatuz. Espainian Eutanasiaren Legea indarrean sartu zenetik hiltzea erabaki duen lehen kasua da Eskarnerena. Azken borondateak sinatuta zituenez, prozedura erraza eta hurbilekoa izan dela azaldu du semeak.
-
Eutanasia
16:45 min
Eutanasiaren Legea ekainaren 25ean estatu espainiarrean indarrean sartu zenetik, legea baliatuz hil den lehena da Eskarne, 86 urteko durangarra. Bere seme Anderrek Euskadi Irratiko "Faktoria"n azaldu du amak duela hamar urte hartutako erabakia errespetatu duela familiak. Itzaltzen bai baina ez zela "guztiz amatatzen" dio semeak, eta horregatik bete zuten Eskarnek azken borondateetan idatzia zuena. Amak ez zituela jada giza gaitasunak esan du eta, duintasuna aspaldi galdua zuenez, deskantsatzea erabaki zuela.
Amaren adibideak hausnarketarako balio izan dio Anderri. Ausardiaz jokatu, eta bide beretik, azken borondateak egiteko asmoa duela esan du bere "bizitzeko ezintasunaren pisua" ingurukoengan utzi gabe. Bide horretan, besteen menpe egon beharrean nahiago du "mundua uztea" pertsona izateari utziko badio.
Prozesua berria eta karga emozional handikoa izanagatik, profesionala bezain hurbilekoa izan dela azpimarratu du. Ekainaren 25ean legea indarrean sartu eta berehala egin zuen Eskarneren familiak eskaria, eta uztailaren 23an hil zen, epeak betez. Azken borondateetan argi eta garbi idatzi izana laguntza izan dela azaldu du, hilabeteko prozesu horretan dolua familian igaroz.