Itxi

Faktoria

Emakume zinemagileak, haserre

Lara Izagirre: "Zinemaldiak gizartean erreferenteak izan daitezkeen pertsonei eman beharko lieke saria"

Euskal Herriko Emakumezko Zinemagileen Elkarteko presidenteak haserrea adierazi du Donostiako Zinemaldiak sari nagusietako bat Johnny Deppi emango diola iragarri duelako. Emazte ohiari tratu txarrak emateagatik epai irmoa du aktoreak.

  • Lara Izagirre

    Lara Izagirre

    3:43 min
imagen player
imagen player
imagen player

Emakumezko zinemagileak haserre daude. Espainiako Emakumezko Zinemagileek Elkarteak, CIMAk, gogor kritikatu du Zinemaldiak Donostia Saria Johnny Depp aktoreari emateko hartu duen erabakia. Bide beretik hitz egin du "Faktoria"n Lara Izagirrek, Euskal Herriko Emakumezko Zinemagileen Elkarteko presidenteak: "Haserre, triste... Oso desegokia iruditu zaigu".

Izan ere, Erresuma Batuan epaitu zuten Depp joan den urtean eta epaileek ebatzi zuten Amber Heard aktore eta emazte ohiari dozena bat alditan gutxienez egin ziola eraso. Deppek difamazioa salatu zuen eta errekurtsoa iragarri. Bide horretan, ordea, ez zuen aurrera egin eta joan den martxotik irmoa da haren kontrako sententzia hori. Horregatik, Izagirrek azpimarratu du Zinemaldiak ezin duela aktore ona izatea soilik saritu, aitzitik, "gizartean erreferente izan daitezkeen pertsonak" goraipatu behar dituela. "Munduko aktore guztien artean aukera daiteke. Ez dugu ulertzen aukera hau", dio.

CIME elkarteko ordezkari denak harremanetan daude eta Izagirrek adierazi dutenez, denek egiten dute bat kritika honekin. Euren jardun arruntean elkartzekoak dira Chiclanan Zinemaldiaren aurretik. Eta Izagirrek adierazi digu gaiari bertan helduko diotela beste urratsik egingo ote duten erabakitzeko. "Nik uste Zinemaldiak denbora daukala saria atzera botatzeko eta hor bai posizionatuko litzateke leku itxaropentsu batean Zinemaldi bezala, eta begiratzeko Iparrizar bezala".

Jose Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendariak erantzun die kritikei. Depp saritzeko arrazoia bere filmografian dagoela adierazi du eta Zinemaldiaren eginkizuna ez dela zine-industriako kideen jokaera epaitzea. Rebordinosek azpimarratu du Deppi Donostia Saria ematearekin, aktore handi bati aitorpena egiten zaiola.