Faktoria
CONFEBASK
Eduardo Zubiaurre: "Bosgarren olatuak eragina du absentismoan, enpresa-jardueran eta ekonomian"
EITB MEDIA
Ekonomiaren suspertzea nabarmendu du Euskadi Irratiko 'Faktoria'n Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak. Ohartarazi du, halaber, osasun-krisia gainditu gabe ez dela egonkortuko. Familia-kontziliazioaren aldeko neurriak eskatu ditu, eta kezka azaldu du Tubacex auziko epaia tarteko.
-
Eduardo Zubiaurre
23:58 min
Euskal Herriko ekonomiaren egoeraz baikor hitz egin du Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan. 2020 "txar" baten ondotik, BPGa %7 haziko dela iragarri du 2021erako, eta susperraldiaren trinkotzea sektore guztietan. Halaber, ohartarazi du osasun-krisia gainditu gabe ez dela normaltasunik egongo, eta kezka azaldu du bosgarren kutsatze-olatuarengatik: "Jende zaurgarriak txertoa jaso arren, langile asko daude etxealdian, eta olatuak eragina du, beraz, enpresa-jardueran, absentismoan eta ekonomian".
Berehalako arazoen artean, Zubiaurrek hornidura- eta lehengai-eskasiaz gain, garraio-arazoak zerrendatu ditu, "desabantailatzat" jo du argindarraren prezioa garestitzea, eta kezka azaldu du gizartea zahartzearen inguruan: "2000. urtean baino 100.000 langile gutxiago daude gure lan merkatuan, gizartea zahartzen ari da, enpresetan langile-perfil zehatzak falta dira, eta horrek eragina du enpresen lehiakortasunean eta ongizate-estatuan". Europara begiratzea eskatu du Confebaskeko buruak, kontziliazioa familia-proiektuak eta inmigrazioa antolatzeko formula eraginkorrak daudelako. Soldatak hobetu behar ote diren galdetuta, Zubiaurrek dio lan-baldintzak "onak" direla orokorrean.
Tubacex, ERTEak eta lan-erreforma
EAEko Auzitegi Nagusiak Tubacex auziaz kaleratutako epaiaz, Zubiaurrek "kezka" eta "ziurgabetasuna" aipatu ditu. Gogoratu du enpresak egiturazko arazoak dituela, aldaketa betean dagoen sektore batean dagoela, eta epaiak arazook larriagotzen dituela; "segurtasun juridikorik gabe, kolokan dago enpresaren jasangarritasuna".
ERTEen etorkizunaz, berriz, "malgutasuna" eskatu dio Espainiako gobernuari, aldi baterako enplegu erregulazio-sistema enpresen egoerara egokitu dadin eta "arnasa" eman diezaien. Lan-erreformaz galdetuta, Yolanda Diaz bigarren presidenteordeak egin berri duen proposamena "ezkorra" dela esan du: "Ziurtasun eza dakar, zalantzak, eta kontratazioak zailtzea".
Europa, energia-trantsizioa eta argindarra
Europako Batasunak Next Generation funtsak banatzeari ekin dion honetan, zuhurtziaz hitz egin du Zubiaurrek 'Faktoria'n. "Argitasun handirik" ez dagoela onartu du, eta "asko" dagoela ikusteko. Gogoratu du Espainiak defizita murriztu beharko duela diruaren truke, zorpetzea "jasanezina" delako. Diru-laguntzen kudeaketaz, bestalde, autonomia erkidegoen esku uztearen alde egin du.
Azkenik, energia-trantsizioaz, Euskadiko enpresarien buruak hizpide hartu du 2035erako erregai bidezko ibilgailuak matrikulatzeari uzteko Europako Batzordearen proposamena. Egitasmo "estua" dela esan du, "eskakizun handiak eta presio handiak ekarriko dituena".