Faktoria
Aitzole Araneta
"Datozen 24 orduetan izan dezakegu Trans Lege berria erregistratzeko akordioa"
Pilar Goya | EItb Media
Aitzole Araneta Podemoseko ordezkari eta lege-proposamenaren sustatzaileak egin du iragarpena "Faktoria"n.
-
Aitzole Araneta
30:17 min
"Azken 24 orduak oso intentsoak izan dira eta, dirudienez, hurrengo 24 orduetan izan ditzakegu albisteak. Trans lege-proposamena Kongresuan Espainiako gobernuko alderdikideen adostasunez erregistratzeko akordioa oso gertu dago". Horixe iragarri du Aitzole Araneta Unidas Podemoseko ordezkari eta lege-proposamenaren sustatzaileak "Faktoria"n eta, azpimarratu duenez, Podemosen eta PSOEren arteko adostasuna lortuta, eta, zehazki, Berdintasun eta Justizia ministerioen artean iritsiko da akordioa.
Aranetak adierazi duenez, Harrotasunaren Eguna baino lehen 2 Ministron Kontseilu daude eta horietakoren batera eraman nahi dute gaia, ekainaren 28a baino lehen, beraz.
Elkarrekin-Podemoseko kideak aurreratu duenez, negoziatzen ari diren puntuen artean leudeke hainbat baldintza jartzea Erregistro Zibilean genero eta izen aldaketa eskatzerako orduan:
1.- Epe labur bat jartzea, hiru hilabetekoa, Erregistro Zibilean genero aldaketa egin nahi duen pertsonak adierazi eta epe hori beteta, berresteko.
2.- Lekuko itsuaren figura ezartzea. Erregistro Zibilera tramite administratiboa egiterakoan lekuko gisa arituko den trans egoeran dagoen pertsonaren inguruko edozein pertsona izan ahalko da eta bere betekizuna trans pertsonaren borondatea berrestea izango da.
3.- 12 urtetik beherako haurren kasuan, gurasoek eskatuko dute erregistro zibilean izena eta genero aldaketa, baina legeak espresuki jasoko du ez dutela hormonarik edo tratamendu medikurik jasoko.
"Trans kolektiboaren eta feminismoaren arteko adostasuna lotzea posible da"
Aitzole Aranaetak Trans legeak hainbat baldintza onartuko dituela entzunda, Arantza Campos EHUko irakasle eta feministak ondorengoa adierazi du: "Baldintzak onartzen badira ziurgabetasun juridikoa desagertu daiteke. Beste gauza bat da zein baldintza, nork erabakitzen dituen eta nola ezartzen diren. Legea letra delako, printzipioetatik harago, eta legea irakurri egin behar da. Nahasten badira genero identitatea, sexu identitatea, sexua eta generoa…. Nahaste-borraste handia dago. Orain sexu pila bat dago eta bi genero besterik ez…guk ez dugu hori onartzen". Trans kolektiboaren eta feminismoaren arteko adostasuna posible ikusten dutela adierazi dute bai Aitzole Aranetak, bai Arantza Camposek baina elkarrizketa eta eztabaida beharrezkoak direla horretarako.
"Garen generokoak gara, izan gara eta izango gara"
Aranetak argi utzi nahi izan du trans egoeran dauden pertsonek ez dutela sexua aldatzen: "Garen generokoak gara, izan gara eta izango gara. Legearen bitartez, errekonozimendu legala lortuko dugu eta hori da aldaketa, errekonozimendu hori errezago eta estigmarik gabe lortzeko. Norberak bere bizitzari hobeto dagozkion erabakiak hartzeko aukera izatea suposatuko du ez mediku, ez epaile ez beste edonork zer zaren esan gabe. Legea behar beharrezkoa dela "matxakatuta bizi den jende askoren bizitza hobetzeko".
Arantza Campos bat etorri da. "Ez duzu emakumezkoa edo gizonezkoa izatea aukeratzen. Zarena zara. Baina emakumea edo gizona izateak gizarte honetan esanahi bat dauka eta eraiki egiten da. Eta ez gaude parean. Emakumeak gizonen azpian gaude hainbat alorretan, lanean, biolentzian, errepresentazioan….. Gure borroka izan da beti emakume izateko era ezberdin asko daudela defendatzea".