Faktoria
Amatiño
"Zaharren diktadura"
Kubako Alderdi Komunistaren VIII. Kongresuaren harira osatu du bere 'Sinadura' Amatiñok.
-
Amatiño
2:38 min
Amatiñoren 'Sinadura', "Faktoria"n.
"Kubako Alderdi Komunistaren VIII. Kongresuak kubatarren historia alda dezake. Raul Castrok utzi dio Idazkari Nagusi izateari eta amaiera eman zaio azken hirurogei urteotan agintean egon den belaunaldiari.
Raul Castrok 90 urte beteko ditu udaberri honetan. Hau da, Adolfo Suarez, Xabier Arzalluz, Jose Luis Elkoro, Carlos Garaikoetxea, Jose Antonio Ardanza, Felipe Gonzalez edo Juanjo Pujana baino zaharragoa. Zer pentsatuko ote luke euskal gizarteak duela 50 urteko politikariak oraindik agintean baleude?
Hausnarketa prepolitikoa da. Nola izan daiteke, orain 62 urte herriaren izenean aginteaz jabetutako erregimena sei hamarkadaz indarrean jarraitzea, batere hauteskunderik gabe eta orduko agintari bertsuekin? Ez dakit zer den harrigarriago, hiru belaunalditan Kubak demokraziarik gabe irautea, ala, Kubaz kanpo, euren burua aurrerakoi eta iraultzailetzat dutenek kritika zipitzik ez egitea.
Ez da, soilik, demokrazia bai ala ez. Kubara joan baino ez dago konturatzeko, hiritarren artean erdiak inguru ez direla europar jatorrikoak, beltzaranak baino. Baina, non dira eurei legozkiekeen partaideak sistema komunistaren goi-agintarien artean?
Eta, jakina, Kubara joan beharrik ere ez dago sumatzeko, hiritarren erdiak emakumeak direla. Gu hemen oso iaioak gara euskal erakundeetako goi-karguen artean emakumeen partaidetza neurtzen, baina, ez dirudi agintaritza mailan emakume kubatarren egoera eredugarria denik. Eta gizartean, berriz, hobe ez jarraitu, pandemia dela-eta ume guztiak ez baitira eskolan egongo.
Amaitzeko, jakin badakigu 60 urteko iraultza komunistak zein porrot ekonomiko larria erakarri dion Kubari. Baina ez dugu honetaz hitzerdirik esango, jakin-edo, jakintzat jotzen baitugu, errudunak, beti, Ameriketako Estatu Batuak baino ez direla.
Bapo. Demagun baietz. Baina, hirurogei eta bi urteko sasi-iraultzaren ondotik, zeri edo nori leporatu beharko genizkioke demokrazia falta, hauteskunderik eza, zaharren diktadura, zurien nagusitasun politikoa eta emakumeen “bigarrenkeria”?".