Itxi

Faktoria

Hondakin industrialak

Kudeaketa egokia eta birziklatze tasa igotzea, erronka

Zaldibarko luiziaren ondoren agerian geratu da hondakin industrialen kudeaketan zer hobetu asko dagoela. Sortzen diren ia erdia zabortegietara botatzen da, horietako asko birzikla daitezkeen arren.

  • Hondakin industrialak

    Hondakin industrialak

    20:54 min
imagen player
imagen player
imagen player

Fundizioetan erabilitako hareak, taladrinak, paper lantegietako lokatzak… EAEn urtean sortzen dira 3,5 milioi tona hondakin industrial, gehienak siderurgia, galdaragintza eta papergintza alorretan. Barne produktu gordinaren ia laurdena, % 24,1, industriak sortzen du baina, agerikoa denez, aberastasunak berekin dakartza hondakinak ere.   

Zaldibarko luiziaren ondoren eta Mutiloko zabortegia ere itxita, uneotan 14 zabortegi daude autonomia erkidegoan daukaten ingurumen baimenaren arabera hondakin industrialak jaso ditzaketenak:  Bat Araban, bi Gipuzkoan eta hamaika Bizkaian. Baimena izan arren, ordea, ez dira denak ari hondakinak jasotzen, esaterako Epele eta Artigas zabortegiak.

Enpresa asko dira uneotan sortzen dituzten hondakin denak botatzeko zabortegirik aurkitzen ez dutenak. Galdategi handietan sortu da batez ere arazoa, baina txikiagoetan ere, epe ertainera sortuko dela adierazi du Igor Olague Oiartzungo Aizpurua Fundizioko zuzendari nagusiak.

Guztira sortzen diren hondakin industrialen % 43,8 botatzen da zabortegietan, nahiz eta kopuru horren zati handi bat birziklagarria den. 

Alex Lopez EHUko Ingenieritza kimiko eta ingurugiro saileko irakasle eta hondakin industrialen ikertzailearen arabera ez dira birziklatzen birzikla daitezkeen hondakin guztiak, enpresa askori errentagarriagoa zaielako zabortegira eramatea birziklatzea baino. Lopezen esanetan Eusko Jaurlaritzak proposatu duen eko-tasa eraginkorra izan daiteke birziklatzea bultzatzeko, baina enpresa txiki askoren bideragarritasuna auzitan jar dezake.

Igor Olagueren esanetan gaur egun enpresa guztiek euren inbertsioak planteatzerakoan oso presente dute hondakinen kudeaketa eta hori hobetzeko neurriak hartzen dira. Alex Lopezek dio, eko-tasa hori neurriaren edota mozkinen arabera planteatzea izan daitekeela irtenbidea.