Itxi

Faktoria

Hibai Arbide | Kazetaria

“Elkartasuna adierazten duen biztanleriak beldurra du”

Lesbosen eskuin muturreko taldeak inpunitate osoz ari direla esan digu Arbidek eta polizia errefuxiatuak babesten aritu ordez, haiei erasoka ari dela, izutu nahian.

  • Lesbos irlara iritsitako errefuxiatuak

    Lesbos irlara iritsitako errefuxiatuak

    9:44 min
imagen player
imagen player
imagen player

Errefuxiatuen egoera gero eta jasangaitzagoa bihurtzen ari dela kontatu digu Hibai Arbide kazetariak Greziako Lesbos irlatik.

Turkiak Europarako ateak ireki ostean eta Greziak lehorreratzeko oztopoak jarrita, Lesbosera iristea lortua duten errefuxiatuen kontra  eta haiei laguntzen dieten  gobernuz kanpoko erakundeen aurka ari dira eskuin muturreko taldeak.

Talde faxista hauek inpunitate osoz ari direla  esan du kazetariak eta Greziako poliziak ez duela ezer egiten haien jarduna eragozteko. Are gehiago, polizia bera ere errefuxiatuak izutzen ari dela, Moriako kanpamendutik irten ez daitezen. Atzo Moriako kanpamendutik Mytilini herrira joanak ziren errefuxiatuei oldartu zitzaiela jakinarazi du, familiak izutu zituela, bultza egin eta lurrera bota. Tartean haurrak zeuden.

Bertako agintariek diote poliziak jarrera hau hartu duela errefuxiatuen iritsierarekin kezkatuta dauden herritarrak lasaitzeko. Arbidek ikusten duena da, ordea, elkartasuna adierazi nahi duten biztanleak gero eta beldur handiagoa daukatela eskuin muturreko taldeen jokabidearekin.  Talde hauek esana baitute lehenengo polizia bota  zutela irlatik, orain gobernuz kanpoko erakundeak botako dituztela, eta gero biztanleria solidarioa kanporatuko dutela.

Solasaldia baliatu dugu, Ane Irazabal lankidea agurtu eta zoriontzeko, Eurobasque saria eman diotela jakin berritan. Haur errefuxiatuen egoerari buruzko Awlad-Hesiak gainditu  dokumentalagatik eman diote saria Irazabali.