Faktoria
Euskaraldia
'Euskaraldiaren erantzuna oso ona izan da. Txipa aldatzen ari da'
Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako hizkuntza politikarako sailburuordea, Mikel Arregi Nafarroa Euskarabideko zuzendaria eta Beñat Arrabit Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoko presidentea.
-
Miren Dobaran, Beñat Arrabit eta Mikel Arregi. argazkia: Euskadi Irratia
24:50 min
3 egun baino ez dira gelditzen Euskaraldia abiatzeko eta izena eman dutenen kopuru ofiziala eman ez badute ere, erantzuna 'oso ona' izaten ari dela aurreratu dute, Euskal Autononomia Erkidegoa, Euskal Elkargoa eta Nafarroako gobernuko hizkuntza arduradunek.
Euskaraldiaren aurkezpenean aurreratu zuten 60.000 parte hartzailek izena eman zutela. 'Kopuru hori gainditu da' esan du 'Faktoria'n Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, baina osteguna arte ez dituzte datu zehatzak emango. Sentsazioak onak dira, Jaurlaritzaren, Nafarroako Euskarabidearen Institutua eta Euskararen Erakunde Publikoko goi ordezkarien hitzetan 'giroa ona da, herritarrak aktibatuta daudelako'. 'Erantzuna oso oso ona izan da, txipa aldatzen ari da herritarrek lagunduta'.
Euskaraldiak azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte iraungo du. 11 egun dira baina, hamabigarren egunera begira daude erakunde publikoetako ordezkariak. Mikel Arregi Nafarroako Euskarabidea erakundeko ordezkariak uste du 'orain ikusi den elkarlanak' ezin duela 'abenduaren hiruan amaitu'. 'Arrakasta izan nahi bada', dio Arregik, 'bide horretan jarraitu behar dugu'. Miren Dobaranen iritziz, 'eraldaketa sakona ekarriko du Euskaraldiak eta honek ez du atzera-bueltarik'. Euskaraldian izena eman ez dutenei zuzendu die mezua Beñat Arrabitek, Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak: 'eman izena, ez da beranduegi, azaroaren 22 arte garaiz zaudete'.