Faktoria
Aitor Esteban
'Iglesiasek badaki aurrekontuez EAJ dela interlokutorea, ez lehendakaria'
Diputatuen Kongresuko jeltzaleen bozeramalearen esanetan ez dituzte Sanchezen aurrekontuak babestuko aurtengo aurrekontuen akordioan adosturikoa betetzen ez badute.
-
19:21 min
Aitor Esteban EAJren Diputatuen Kongresuko bozeramaleak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n esan duenez, aurreko asteko deiaren ondoren, aste honetan elkartuko dira ziurrenik Espainiako Gobernuarekin 2019ko aurrekontuei buruz hitz egiteko. Edozein kasutan, aurrekontuak babesteko ezinbestekoa izango da aurtengo aurrekontuetan adosturikoak betetzen ari direla ikustea. Estebanek, esaterako, ez du ongi ulertzen aurreko gobernuarekin lotuta geratu zen AHTren Bilborako sarbidearen gaia orain berriz zabaltzea, edota BIMEP eta CIDETEC bezalako proiektuei eman beharreko dirua oraindik iritsi ez izana.
Estebanek jakinarazi du Pablo Iglesiasek atzo idatzi ziola mezua lehendakariarekin duen bileraren berri emanez, aitortuz badakiela aurrekontuetarako interlokutorea EAJ dela, eta ez Lehendakaria.
Kataluniako alderdiak keinu baten zain daudela esan du jeltzaleen bozeramaleak, kontuak babestu ahal izateko. Ez dutela keinu horren eraginkortasuna eskatzen, baizik eta keinua bera, Gobernuak fiskaltzaren edo estatuko abokatuaren bidez preso dauden politikarien epai bidea arinduz.
Aurrekontuak onartzea lortuko ez balu, Estebanek ez daki horrek gobernua erortzea ekarriko ote lukeen. Bere ustez beste hauteskunde batzuk ez lirateke onak, PPk eta Ciudadanosek tentsio politikoa areagotuko luketelako.
Albiste txartzat jo du, bestalde, LOMCEren inguruan Auzitegi Konstituzionalak baztertu izana Jaurlaritzak planteatuko eskumen gatazka. Bihar Isabel Celaá Hezkuntza Ministroarekin bilera duela aurreratu du, eta hor landuko dutela gaia.