Faktoria
Urtzi Errazkin - Etxerat
'Presa dugu. 2 urtez semea ikusi ez duen ama batek ezin du gehiago itxaron'
Urtzi Errazkin, Etxerateko bozeramailea, presoen senideen sufrimendua azaleratzen jarraitu beharraz aritu zaigu, eta espetxe politikan aldaketak lehenbailehen eskatu ditu.
-
18:35 min
Urteetan ezkutuan izan diren presoen senideen sufrimendua azaleratzen hasita dago, Etxeraten arabera. Presoen egoerari begiratu izan zaio baina, horrekin batera, espetxeratuen senide eta lagunek bizi duten egoerarekin kezkatuta dago Urtzi Errazkin Etxerateko bozeramailea. Datuekin erakutsi du egoera 'Faktoria'n: "presoen gurasoen % 98 65 urtetik gorakoa da. Adin horretatik aurrera, gaixotasun kronikoak azaltzen dira eta senide horiek kasu askotan ezin dute semea edo alaba bisitatu". Errazkinen hitzetan, "moralak behea jotzen du ama batek begietan malkoak dituela azaltzen dizunean ez duela semea ikusi bi urteetan eta ez dakiela noiz ikusiko duen. Hori ikaragarrizko sufrimendua da".
Etxerateko bozeramaileak erabakiak "lehenbailehen" hartzea eskatu du. Presoen egoeraz hitzegiten da baina, "espetxe politikan aldaketak" egiteko garaia iritsi da. Errazkinek gogoratu du, 2011 aurretik (ETAk armak uzteko erabakia jakinerazi aurretik) baldintza gutxiago eskatzen zitzaikiela euskal presoei espetxetik ateratzeko. "Orain baldintzak okertu eta gehiago eskatzen zaie, damua, poliziarekin kolaboratzea eta beste hainbat gauza. Baita preso gaixoen kasuan ere. Hori politika da eta politikoek alda dezakete". Errazkinen arabera, "egoera horri irtenbidea eman behar zaio berehala".