Itxi

Faktoria

Patxi Zabaleta

'Minak norberak gordetzen ditu betiko'

"Hemen garrantzia gehiago eman zaio tribuari, herriari baino", esan du Aralarko lehendakariak alderdia desegiteko proposamenaren berri ofizialki jakin den astean eskainitako elkarrizketa pertsonalean.

  • 25:29 min
imagen player
imagen player
imagen player

Azken urte hauetako ibilbidean "minak izan direla" aitortu du Patxi Zabaletak, baina "minak norberak gordetzen dituela betiko". "Politika ez da lagunak egiteko lekua", esan du 'Faktoria'n. Esparru horretako jardunak, nolanahi ere, eman dizkio adiskideak, "baita arerio politiko zuzen direnen artean ere" eta haustura politikoek, berriz, urrunduarazi dizkio lagun zirenak.  "Hemen, garrantzi gehiago eman izan zaio tribuari, alderdiari; herriari baino" eta "horixe da", hain zuzen ere, "Aralar autodisolbatzeko erabakiaren arrazoi nagusia". Traidoretzat zutenak izango ditu orain alderdikide, borroka armatuaren garaia amaituta.

Behar zena baino 40 urte beranduago: "77 edo 78an hartu behar zen erabaki hura eta politikari bidea utzi". Haren atzetik etorri ziren, besteak beste, Hipercor, Yoyes edota Miguel Angel Blancorena eta Zabaletaren kontrako jarrera. "Eskuinmuturreko borroka armatuak beldurra sartzea du helburu eta herriaren alde egin nahi duen borroka armatuak ezin du bide hori hartu. Bere zentzua galdu zuen", esan du.  "Baina azkenean lortu da" eta "biolentziaren bukaera oso duina izan da gainera". Zabaletaren arabera, aldebakartasunak, bakea "ezerren truke lortu izanak eskuak libre uzten ditu nahi dena eskatzeko". Kataluiniako prozesuak "erabateko miresmena" eragiten dio Patxi Zabaletari eta ziur agertu da "hemen ere izango duela eragina".

70 urte ditu orain Patxi Zabaletak eta egunero egiten du negar, "egunero badirelako horretarako arrazoiak". Alaba Mirenen kartzelaldiaz ez du tonu horretan hitz egin, ordea: "Zailtasunak sortzen ditu horrek; baina ez bizitzan diren beste zailtasun batzuk baino okerragoak". Galdutako denbora berreskuratzen ari ote diren galdetuta, "ez dela galdua" izan erantzun du, eman duela euren harremanean beste sakontasun hartzeko modua ere. Beste alabak, Olatzek, aitondu du. "Aitor eta Eñaut nafarrak eta euskaldunak dira eta Nafarroan triste egoteko eta pozik egoteko dauden arrazoi guztiak nozitu beharko dituzte", esan du euskarari buruz  Nafarroako aldaketaz galdetuta. "Baina Nafarroan egin den aldaketa itzulezina da", bukatu du.

 

 

>