Itxi

Faktoria

Elkarrizketa

Mendia: "Erabakitzeko eskubideak ez dakar ezer onik"

G.U. | eitb.eus

PSE-EEren idazkari nagusiak Euskadi irratiko 'Faktoria' saioan esan du Kataluniaren arazoa politikoa dela, eta "politikaren bidetik etorriko dela konponbidea".

Idoia Mendiak ez du uste erabakitzeko eskubideak ezer onik ekarriko dionik gure herriari. "Begira Kataluniari, erdibituta dago", esan du. "Guk beti proposamen positiboak eta eraikitzaileak jarriko ditugu mahai gainean, eta hori da Kataluniak behar duena" . Bestalde, Mas eta beste bi ordezkarien inputazioaren auzia lehenbailehen argitzea eskatu du Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan. "Justiziak ez du politika ordezkatu behar, eta Kataluniako arazoa politikoa da; politikaren bidetik lortu behar dugu konponbidea", gaineratu du. Bestalde, PPri lotuta nabarmendu du "ez duela ongi jokatu Kataluniarekiko, eta horrek inbalidatzen duela Rajoy hautagai gisa". Azpimarratu duenez, Espainiak aldaketa behar du, eta aldaketa horretatik etorriko direla beste aldaketa guztiak.

Ordezkari sozialistak adierazi du bere alderdiak Kataluniari lotuta duen irtenbidea "gure etxea berregitea"n datzala. Nabarmendu duenez, "Konstituzioa zaharra geratu da, eta konpondu behar dugu. Garrantzitsuena ez da nominalizazioa, baizik eta proiektu bat proposatzea hurrengo 30 urteetarako". Gainera, "eskumenen zapalketa"ri heldu behar zaiola adierazi du. "Tresna berriak behar ditugu gure hiritarren eskubideak hobeto defendatzeko. Argitu behar dugu eskumen esklusiboak ditugun erkidegoek nola antolatu behar dugun Europan egoteko".

Mendiak EAJk proposatutako foru nazioaren kontzeptuari lotuta PSE-EEren idazkari nagusiak esan du hiritarrek "argitasuna" eta "konponbideak" behar dituztela, eta ez "terminologia berria".  Mendiaren ustez, Gernikako Estatutuaren eta Espainiako Konstituzioaren eskutik ditugu gure erakunde modernoak eta orain, "XXI. mendera ekarri behar dira horiek. Gure herriaren barne egitura modernizatu behar dugu: hezkuntza, osasuna, erakundeak?".

Eusko Jaurlaritzaren kudeaketari lotuta nabarmendu du "anbiziorik eta estrategiarik gabe" ari dela. "EAJk Ajuria Enean egon behar zuen, baina estrategiarik gabe. Lehen urtean gure gestio osoa ezabatzen aritu ziren, eta, orain, izena aldatuta, berreskuratze egin dute, baina urte bat galdu dugu", esan du. Gaineratu duenez, ekonomiaren berpizkundea baliatu beharra dago gauzak egiteko: "datorren belaunaldietara begira jarri behar dugu, eta etorkizunerako prestatu behar dugu Euskadi".

Azkenik, EH Bilduk indarkeriari lotuta egin dituen adierazpenei buruz esan du ez dagoela aldaketa handirik euren diskurtsoan. Azpimarratu duenez, "oso hermetikoak dira" eta oso sinplea da: "esan behar da indarkeriak ez duela zentzurik ideia politikoak defendatzeko, eta hori oraindik ez du esan Ezker Abertzaleak".